Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak amaituta, balantzea egiteko tenorea iritsi da. Javier Maroto alkateari egokitu zitzaion hori egitea, atzo. Pozik agertu zen, jaiak «lasaiak» izan direlako eta «giro onean» ospatu direlako. «Gasteiz elkarbizitzaren eredu izan da lehen egunetik azkenekora», nabarmendu zuen. Andre Mari Zuriaren jaiak gainerako herri eta hiriburuetako festentzat ere eredu izan daitezkeela uste du Marotok. «Hemen talde politikoen arteko akordioa posible izan bada, Bilbo eta Donostian ere izan behar du, jaietako protagonistak herritarrak izan daitezen, eta ez politikariak».
Hargatik, eskerrak eman zizkien hori posible egitea lortu duten herritar, antolatzaile, udaltzain, suhiltzaile, garbitzaile eta abarrei. Halaber, esker oneko hitzak izan zituen Blusa eta Neska taldeentzat, kaleak girotzen egindako ahaleginagatik, bai eta hirian «segurtasuna» eta «giro baketsua» lortzen lagundu dutenentzat ere.
Hain zuzen ere, jaiek iraun bitartean kalean istilurik egon ez izana datu baikorra dela nabarmendu zuen alkateak. Azpimarratu zuenez, kaleetan Poliziaren presentzia areagotu egin da aurten, eta horrek nabarmen gutxitu du delituen kopurua: egunero 200 udaltzain inguru ibili dira hiriko karriketan eta, Udaltzaingoak emandako datuen arabera, joan den urteko jaietan baino %35 lapurreta gutxiago egon da.
Zauriak eta alkohola
Jaiak lasaitasun giroan ospatu badira ere hainbat salbuespen egon direla jakinarazi zuen alkateak. Astelehen goizaldean, esaterako, Olagibel kaleko lurrin denda batean lapurreta izan zen, eta 60.000 euroren balioa zuten produktuak ebatsi zituzten.
Aurten, arazoak saiheste aldera, Zeledonen jaitsierara lata zein beirazko ontziak ez eramateko gomendioa egin zuen udalak. Baina ez dirudi gasteiztarrek aholkuari kasu handirik egin diotenik: izan ere, abuztuaren 4an sorospen guneetan 140 lagun artatu zituzten kristalekin egindako zauriengatik. Joan den urtean, berriz, artatutako 60 pertsonetatik 52 artatu zituzten kristalarekin egindako zauriengatik. Alkateak nabarmendu zuenez, festa giroa «inolako arriskurik» gabe bizitzea posible da, eta horretarako, besteak beste, txupinazo egunean kristalezko ontzirik ez erabiltzea ezinbestekotzat jo zuen.
Alkohola neurririk gabe edateagatik intoxikazio etilikoak izaten dituzte askok jaietan. Aurten ere ez da salbuespena izan, 49 lagun artatu baitituzte osasun zerbitzuek arazo horregatik.
Datu onen artean, berriz, Marotok nabarmendu zuen inork ez duela salatu emakumeen aurkako erasorik.
Bestalde, garraio publikoaren erabiltzaile kopuruari dagozkion datuekin pozik agertu zen, hazi egin delako iazko jaiekin alderatuta. Areago, 2009tik inoizko erabilera handiena izan dute hiriko autobusek, alkateak jakinarazi zuenez. Gauez egin du gora batez ere garraio publikoak, %25,32 hazi delako autobusen erabilerak. Egunez, berriz, %9 egin du gora.
Turista gehiago
Bestalde, Gasteizko jaiak turistentzat «gero eta erakargarriagoak» direla erakusten dute datuek. Marotok azaldu zuenez, sei egun hauetan 5.000 lagunek baino gehiagok jo dute turismo bulegora, hau da, iaz baino %8 gehiagok. Hiriko hotelak ere lepo bete dira, eta horrek erakusten du Andre Mari Zuriaren jaiak gero eta «irekiagoak» direla.
Krisi garaian ospatutako jaiak izaki, diru gutxiago gastatu nahi izan du udalak aurten. «Jaiak dirua xahutu gabe egin daitezkeela erakutsi dugu». Besteak beste, abuztuaren 5ean udalak egin ohi zuen harrera ofizialik ez da egin, eta, horrela, 27.000 euro aurreztu ditu udal gobernuak.
Datorren urteko jaiei begira aldaketa gutxi egitea espero du Marotok: «Aldatu bainoago, hobetu egin ditzakegu». Andre Mari Zuriko egitaraua «orekatua» eta «herritar guztiei irekia da», haren hitzetan. Hala ere, aurreratu zuenez, berritasun bat izango dute 2012ko jaiek: Plaza Berrian pantaila erraldoi bat paratuko dute, zeledonen jaitsiera handik ikusi ahal izateko.
Garbiketa plan berezia
Jaiak amaituta, gogoz lan egin beharko dute garbiketa zerbitzukoek datozen egunetan. Izan ere, hiriko txoko batzuek aparteko garbiketa behar izango dute ohiko itxura berreskuratzeko. Garbiketa lanak egunero egin badira ere, atzoz geroztik plan berezia dauka martxan Gasteizko udalak, bereziki jaiegunetan jende gehien batu den auzo eta txokoetan: Alde Zaharra, txosnak izandako gunea, erdiguneko kaleak, zezen plazaren inguruak, Mendizabalako feriagunea... Udalak abuztu osorako egutegia prestatu du gune horiek guztiak bereziki garbitzeko.
Andre Mari Zuriaren jaiak
«Lasaiak eta eredugarriak»
Andre Mari Zuriaren jaiak «elkarbizitzaren eredu» izan direla nabarmendu du Javier Marotok, Gasteizko alkateakJoan den urteko jaietan baino lapurreta gutxiago eta turista gehiago egon da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu