Lasto fardoen babesean

Ahotzarekin etxeak nola egin ikasi dute egunotan Noainen. Norberak eginez gero, ohiko etxea baino merkeagoa eta osasuntsuagoa dela frogatu dute ikastaroko parte hartzaileek.

Hogei lagun aritu dira lastozko etxea eraikitzeko ikastaro praktikoan, Noainen. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PESS.
Noain
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Lastozko etxe bat eraikitzea merkea eta erraza dela egiaztatu nahi izan dute Noainen (Nafarroa). Pirinioetako izeiaren egurra, autoen gurpil zorro zaharrak, buztina, lurra eta, nola ez, ahotza erabili dituzte lastozko etxea eraikitzeko. Erabat bukatu gabe dagoen eraikinak 25 metro koadro izanen ditu, Lorenea gunearen osagarri izanen da eta tresneria gordetzeko erabiliko da.

Noaingo lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoaren udal guneak, Loreneak, antolatutako ikastaroan hogei lagun aritu dira. Atzo bukatu zen larunbatean hasitako ikastaroa. Lantegia praktikoa izan da, eta parte hartzaileak etxea egiten aritu dira egunotan. Gaian aditu diren bi lagunek eskaini dute: Rikki Nitzkin, Casas con paja: una guía para auto-constructores (Lastozko etxeak: autoeraikitzaileentzako gida bat) liburuaren egileak; eta Iñaki Urkia arkitekto bioklimatikoak eta Lorenea ahotzarekin eraikitako zentroko diseinatzaileak. «Ahotzekin eta lasto-buztinekin luzitutako etxe bat egiteko behar den guztia erakustea izan da ikastaroaren helburua», dio Urkiak.

Ikastaroa amaitu da, baina eraikina oraindik ez da erabat bukatu. Varazdin fundazioak bukatuko du etxea heldu den urterako. Etxeak oinplano karratua du, teilatua lau uretara, eta 4.000 euro inguru kostako da. Eraikinari ahotzez egindako paretak egin dizkiote. Oina ere jarri diote. Autoentzako jada baliagarriak ez direnpneumatikoekin isolatu dute zorua, gero pinu egurrarekin estaltzeko. Teilatua ere egurrarekin estaliko dute. Denbora gehien kentzen duen lana, etxearen luzimenduarena egiteko gelditu da. Erabat bukatu arte hiru buztin geruza jarri beharko dizkiote. Azkenekoa karearekin nahasita.

Horrelako eraikin bat egitea ez da lan zaila eta adreiluz egindako ohiko eraikuntzak baino garbiagoa eta merkeagoa da, norberak egiten badu, behintzat. «Materialak merkeagoak dira, eta erabat berriztagarriak. Dena dela, lana eraikitzaile bati ematen badiozu, ez da ohiko etxebizitza baino merkeagoa izanen, eskulan gehiago behar duelako».

Eraikuntzan aritzen diren profesionalek edo bere kabuz etxea eraiki duten lagunek parte hartu dute ikastaroan.«Osasuntsuagoa da, eta sortzeko aukera gehiago eskaintzen du. Ikastaroak lastozko etxea egiteko ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaini digu», dio David Aranaz ikastaroan aritutakoak.

Hezetasuna etsai

Ahotzez egindako etxe ereduak Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria. Era horretako lehen etxea Nebraskan eraiki zuten 1895. urtean, eta oraindik zutik dago. Denboran ongi mantentzeko gakoa ahotza hezetasunak ez harrapatzea da. «Lastoa hezetasunetik babestu behar da. Eraikitzen ari zaren bitartean zein bukatutakoan ere ahotz fardoak ez bustitzeko ongi isolatu behar dira», dio Urkiak. Lastoz egindako eraikuntza hedatzen ari da gurean ere, eta Nafarroan badira dozena bat etxe horrela eraikiak. Gaiaz informazio gehiago nahi duenak www.casasdepaja.org gunera jo dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.