Ez nintzela ausartuko esan zidaten. Pasatzen utziko nuela, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Haatik, Maratilagileok gaurkotasunari zor gatzaizkio, eta, egunotan modan dagoena tabakoaren legeari buruz hitz egitea denez gero, zera erabaki dut, langelako lasaitasuna alde batera uztea eta kaleko giroa zundatzera jaistea. Eta soldata —apala, apalegia ene uste apalean— ondo merezia dudala frogatze aldera, bakarra barik, lauzpabost Maratila agintzen dizkizuet, bata bestearen atzetik. Apika, Gemma Zabaletari gehiegitxo irudituko zaio, baina hor konpon, Mari Anton!
Lehenengo iritzia jasotzeko, nire lagun Felixengana jo nuen. Taberna batean elkartu ginen, edo zehatzagoa izate aldera, taberna bateko atean, iritsi nintzenerako garagardoak eskatuta baitzituen. «Lege bat egin zitean eta lege horretan jabeek aukera zezaketean euren tabernak erretzaileentzat izatea ala ez-erretzaileentzat izatea. Libre haiz nahi duana aukeratzeko, baldin eta guk nahi duguna aukeratzen baduk. Eta jabeek aukeratu zitean aukeratu behar ez zutena. Eta legelariak haserretu zituan. Horrelakoak dituk politikari kaskarrak…»
«Bai, baina egia duk —esan nion Felixi— tabernetako langileek ez dutela zertan irentsi gure kea».
«Ados, baina orduan, zergatik ezin dute erretzaileentzako gune itxi eta bereizirik sortu euren lokaletan?».
Zain geratu nintzen.
«Erreza duk… jendeak aukeratu behar ez duena aukeratuko likek atzera ere, eta hori ezin ditek jasan…».
Maratila
Legea (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu