Joan den astean zabaldutako bideari helduko diot atzera ere eta tabakoaren kontrako lege ospetsu eta txit osasungarriari buruzko Maratila sorta honen bigarren alea dakarkizuet gaurkoan. Jakin badakit nire lagun Felixen hitzek azkura itzela sortu zutela hainbatengan baina agindutako hitza betetzea dugu gizalegea eta nik emandakoari eutsiko diot kosta ahala kosta.
Lehengo egunean, liburu bat itzuli behar nuela aprobetxatuz estimu handitan dudan pertsona batengana jo nuen, nahiz eta badakidan ezen txoko honetan agertzen den bakoitzean lotsak akabatzen egon ohi dela. Bai, asmatu duzue: nire bihotzeko liburuzainarengana jo nuen iritzi eske.
«Ba, zer nahi duzu nik esatea —erantzun zidan— gauza bat da ez-erretzaileen eskubideak defendatzea, eta beste gauza bat da erretzaileak izorratzea. Ni erretzaile soziala naiz, hau da, kafe bat edota ardotxo bat hartzen dudanean erretzen dut, eta taberna barruan ezin badut erre, ba kanpora joango naiz edota, bestela, ez dut erreko. Ospitaletakoa, baina, bestelakoa da».
Zer esan nahi ote zuen galdetu nion liburua itzultzen nion bitartean.
«Hori gehiegikeria iruditzen zait. Badakit ospitale batean ezin dela erre eta kale gorrira joan behar dudala erretzera. Eta oso ondo deritzot, azken batean ospitalea lantokia baita, eta ez dut eskubiderik bertakoak pozoitzeko. Baina, ez, orain ospitalearen atean ere ezin duzu erre. Marka da gero! Kale gorriaren kale gorria asmatu dute!».
Maratila
Legea (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu