Lehenari, opari mamitsua

Arabako Okindegien Elkarteak 2011. urtea amaitu arte ogia oparituko die herrialdeko lehen bi jaioberrien gurasoei. Ogia «osasungarria» dela ikusarazi nahi dute horren bidez.

Egunero ogi bat jasoko dute 2011n Araban jaiotzen diren lehenengo bi haurren gurasoek. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ogia gure kulturako janaririk garrantzitsuena bada ere, azken urteotan izugarri behera egin du haren kontsumoak. Ogia jatea gizentasunarekin lotu denetik eta herritarrek poltsikoa estutu behar izan dutenetik, ohiturak aldatu eta hori jateari utzi diote askok. Hori ikusirik, ogiaren kontsumoa sustatu nahian lanean ari da aspalditik Arabako Okindegien Elkartea, hainbat kanpaina martxan jarrita. Hastear den urtean ere ogia elikagai osasungarria dela erakutsi asmo dute elkartekoek, ekimen berezi batekin: 2011n Araban jaioko diren lehen neskaren eta lehen mutilaren gurasoei ogia oparituko diete egunero, urtea amaitu arte. Urte berriarekin, beraz, opari mamitsua ekarriko dute jaioberriek.

Gasteizko Txagorritxu ospitalearekin elkarlanean antolatu dute ekimena. Urtarrilaren 1ean, elkarteko ordezkariak ospitalera joango dira lehenengo bi jaioberriei sariaren berri ematera: ogiz beteriko saski bat eta elkarteko okindegiek sinatutako egiaztagarria eskura emango dizkiete haurren gurasoei. Horrela, etxetik gertuen duten okindegian txartela erakutsita, egunero ogia jaso ahal izango dute, musu truk.

Ideia aitzindaria da Euskal Herrian, baina beste hiri batzuetanantzeko esperientziak martxan daude aspalditik. Hain justu, Lleidan (Herrialde Katalanak) okindegien elkarteak ekimen bera abiarazi zuen 2009an, eta haien ereduari jarraitu diote orain Arabakoek. Elkarteko idazkari Luis Cebrianek azaldu duenez, horren bitartez jendeari ikusarazi nahi diote ogia jatea «elikadura onaren eta osasunaren» alde egitea dela.

Salmentak eta esamesak

Salmenta kopuruaren jaitsierak kezkatzen ditu okinak, azken 30 urtean %60 egin duelako behera. «1964an, bi ogi saltzen zen pertsona bakoitzeko, eta gaur egun 165 gramora ere ez da iristen», azaldu du Cebrianek. Baina kontsumoak ez ezik, ogiaren inguruan sortu diren esamesek ere buruhausteak ekartzen dizkiete. «Ogiak loditu egiten duela esaten da, baina ez da egia. Beste edozein elikagairekin bezala, neurriz janez gero ez du zertan gizendu». Ikerketa askok agerian utzi dute ogiak ez dakarrela ez pisu gehiegirik, ez gizentasunik. Azken urteotako datuak esanguratsuak dira, Cebrianen ustez: «Ogiaren kontsumoak behera egin duen neurri berean egin du gora pertsona gizenen kopuruak».

Ogia jatea gure kulturaren parte dela uste dute Arabako Okindegien Elkartekoek, eta, horregatik, haurren artean ogia jateko ohitura sustatzeko kanpainak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Azken urteotan, ogitartekoen ordez, «opil industrialak» ematen dizkiete haurrei, eta hori okerra dela uste du Cebrianek: «Etxeko txikienak ogiaren kulturan hezi behar ditugu, eta erakutsi ogiak badituela zapore ugari». Azaldu duenez, okindegiek «berrikuntzaren bidea» jorratzen dutenetik, ogi eskaintza zabala dute: betiko ogi zuria, zekale ogia, irin osokoa, zahiduna, ekologikoa, arto ogia... «Karbohidrato, proteina, zuntz, bitamina eta mineral ugari ditu, eta garrantzitsua da belaunaldi berriek eta familiek ogiaren onurak zein diren jakitea», dio Cebrianek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.