Maribel Muñoz. Castejongo jota eskolako irakaslea

«Lehiaketa gutxiago egin beharko lirateke»

Maribel Munoz txikitan, familia giroan, hasi zen jotak kantatzen. Harrezkero ez dio jotak abesteari utzi. Duela 23 urtetik, Castejongo jota eskolako irakaslea da.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Castejon
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak ez duela jota behar bezala laguntzen uste du Maribel Muñozek (Castejon, 1945). Haren iritziz, lehiaketa gehiegi daude eta jotak garai bateko berezkotasuna galdu du.

Nola hasi zinen jotak abesten?

Jota barru-barruan daramazun zerbait da. Txikitan mahai baten gainera igo, eta kantuan jartzen ninduten. Gurasoek oso ongi kantatzen zuten eta Jesus Lopez osabak Raimundo Lanas handiarekin kantatzen zuen. Orduan ez zegoen eskolarik eta etxean kantatzen genuen.

Navarra kanta taldearekin kantari ibilitakoa zara. Nola hasi ziren herriz herriko emanaldietan?

Xabierraldi batean Tuterako bikote bat ezagutu genuen eta elkarrekin kantatzen hasi ginen. Erriberako laurak izena jarri genion izena hasieran, eta gero Navarra canta taldea eratu genuen. 26 urte nituen orduan. 13 urte aritu ginen. Profesionala izan nintzen eta urtean 40 emanaldi ematen genituen. Asko ibiltzen ginen Euskal Herrian eta Espainian, Andaluzia salbu, denean ibili ginen. Artean Alma Navarra taldea eta gu bakarrik aritzen ginen , baina jotatik denbora luzean bizitzea ezinezkoa zela ikusi genuen eta orduan, aukeratu behar izan genuen.

Jota kantatzeari utzi eta irakasle hasi zinen.

Duela 23 urte hasi nintzen eskolarekin. Herriko udalak jota eskola jarri nahi zuen. Artean Tuteran eta Tafallan bakarrik zeuden. 100 ikasle nituen hasieran. Gerora murrizten joan zen kopurua eta orain 36 ditut. Musutruk aritzen naiz eta astean hirutan bi ordu eta erdi entseatzen dugu. Astelehenean txikiekin aritzen naiz, asteazkenetan ertainekin eta ostiralean helduekin.

Zer behar da jotari ona izateko?

Ezinbesteko baldintza jota barruan eramatea da. Sentitu egin behar duzu. Gero ahots ona eta belarria ere behar duzu.

Hasi zinenetik gaur arte nolako garapena izan du jotak?

Berezkotasuna baztertuz perfekzioa lortu nahi izatera iragan gara. Orain egile asko daude eta ahots asko aukeratzeko. Baina duela 50-60 urteko jotak kantatzen hasi gara berriro, egileek ez dutelako deus berririk kaleratzen.

Beraz, ez atzera ez aurrera gelditu da?

Orain lehiaketak daude baina kalean ez da asko entzuten. Lehiaketak ez ditut gustuko, jotari asko interesatuak bihurtu dituelako. Lehiaketetara hoberenak aurkezten dira, baina horrela 10-12 urte daramatzagu. Duela hamarkada bat jota eskoletatik ateratako jotarien aurrean beldur dute belaunaldi berriek. Ez dakit zer egin beharko litzatekeen anitzagoa izateko eta belaunaldi berriek bere tokia izateko. Lehiaketa gutxiago beharko lirateke, berezkotasuna galdu egin delako.

Bi aldiak bizitzen ari naiz eta nahiago dut nire garaia. Nahiz eta hainbeste ez kobratu, gustura ibiltzen ginen. Orain, berriz, kopuru handiko sari bat irabaztera joateak asko eskatzen du, eta jota modu interesatuan hartzen ari dira batzuk.

Gobernuak jota bultzatzeko nahikoa lan egiten du?

Ez. Ez dute deus egiten. Dokumentalaren estreinaldira etorri ziren baina bestela ez dute gauza handirik egiten. Hainbeste eskola izanda zaila da. Inork ez du irizpiderik jartzen eta hori Gobernuak egin beharko luke. Herri bakoitzean badago eskola bat. Eskola guztiak batu eta batzorde bat eratu genuen Gobernuarekin mintzatzeko, baina horretan gelditu zen. Nafarroako beste gauza batzuk ondare kultural dira eta jota ere oso ondare handia da. Dokumentala ona izan daiteke nola aldatu den ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.