Ezarian. Zientzia. Argialdian

Leiho adimentsuak

Luxuzko zenbait autok euren kabuz gardenago edo zurrunago bihurtzen diren leihoak dauzkate. BERRIA.
Marian Iriarte.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Duela gutxi zientziaren inguruko bitxikeriak kontatzen dituen foro batean, Hego Koreako ikertzaile batzuk leiho adimentsuak lortu zituztela irakurri nuen. Leiho adimentsuak esaten dugunean, gardentasuna alda dezaketen leihoez ari gara; hau da, kanpoko eguraldiaren arabera leihoa gardenagoa edo opakoagoa bihurtzen da, eta era horretan argi gehiago ala gutxiago sartzen uzten du.

Egia esan, aurkikuntza hau ez da gaurkoa, aspalditxotik esplikatzen baitiegu gure kimikako ikasleei polimeroen erabilera bitxietako bat hauxe dela. Eta zein da bada, leiho hauen oinarria? Lehenengo leiho adimentsuak polimero eroaletan oinarrituta zeuden. Eta zergatik diogu polimero eroaleak? Polimeroen egiturari begiratzen badiogu, gehienetan karbonozko atomoen kate luzeak ditugu. Polimero arruntetan osagai edo elementu arruntenak karbonoa bera, C, hidrogenoa, H, oxigenoa, O eta nitrogenoa, N, dira. Egitura honekin ez da erraza material eroaleak lortzea, horretarako karga elektrikoak edo gutxienez dentsitate elektroniko ezberdineko guneak behar baitira.

Gure ikasleei askotan azpimarratzen diegu zientzia edo beste jakintzarlo bat historian kronologikoki nola garatu den azaltzen diegunean, zientzialarien buruetatik zer pasatzen den ikus dezaten izaten dela. Ez zaigu axola soilik azkenengo aplikazioak, edo-ta teoriak, horietaraino nola iritsi garen jakitea ere bai. Eta beste gauza garrantzitsu bat, askotan zientzian egiten diren aurkikuntzak ez dira nahita izan, hots, esperimentuan beste zerbait aztertzen ari zirela, beste ondorio batzuk lortu dituzte askotan eta hortik etorri da aurkikuntza berria. Adibidez, 2000. urtean Kimikako Nobel Saria jaso zutenei (Sirakawa eta McDiarmid kimikariak eta Heeger fisikaria) polimero eroaleen inguruan egindako aurkikuntzengatik eman zitzaien; erreakzio-baldintzak aldatuz polimero jakin baten bi aldaera ezberdin lortzea kontrolatzea lortu zuten (poliazetilenoa, hain zuzen ere). Eta kontrol hori erreakzioa prestatzerakoan izandako akats baten ondorio izan zen (erreakzioa laguntzen zuen osagai batetik mila aldiz gehiago bota zuten konturatu gabe eta ondorio oso bitxiak lortu zituzten). Polimero eroale hauek aplikazio asko dituzte. Eremu elektrikoaren arabera polimeroaren egitura aldatu egiten da, eta honek polimeroaren morfologia, bolumena, kolorea, gardentasuna.... edo beste propietate batzuk alda dezake. Leiho adimentsuetan hasiera batean beirazko bi xaflen artean polimero eroalea jartzen zen, eta eremu elektrikoa edo tentsioa aldatuz, polimero eroale horren egitura kimikoa aldatzen da, eta aldaketa horren ondorioz polimero hori gardena ala opakoa izango da. Tentsio elektrikoa aplikatzeko zelula fotoelektrikoa erabiltzen da, honek kanpoko argitasunaren seinalea jasotzen du, eta jasotakoaren arabera seinale elektrikoa igortzen dio polimero eroaleari. Hego Koreako ikertzaileek lerro horretan jarraituz leiho adimentsu eraginkorragoak lortu omen dituzte. Ez naiz sartuko euren teknologia zehazki azaltzen, hori ez baita zutabe honen helburua, oinarrian dagoen zientzia pixka bat argitzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.