Komunikazioa. Ekografiak

Leihoak

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ustez kontrolatuta neukan pantailan aurkitu nezakeena. Aurkitu ez nezakeena bezala. Halako batean, aparatua aldatu didate. Galduta sentitzen naiz. Ez dut kateen hurrenkera ezagutzen. Labirintoa dirudi. Menuan begiratu behar izaten dut nahi dudan hori non dagoen, botoiak sakatu eta sakatu, ez aspertze aldera. Eta ezagutzen ez nituen lauzpabost katerekin egin dut topo. Ez dira berriak. Hor ziren lehen ere, programatzaileak eta biok aurkitu ez bagenituen ere. Ezin da kasualitatea izan. Justu, maiteenen artean gordeko ez ditudan kateak dira, gustuko ez dauzkadan balioak transmititzen dituztenak, partekatzen ez ditudan helburuak dauzkatenak. Eta, hala ere, morboak eta eginbeharrak bultzatuta, tarte bat baino gehiago eskaini diot haiek ezagutzeari. Horietako batek larritu egin nau, arduratu. Ez dit ezustekorik eman. Espero nuen halako zerbait. Baina badakizu, norbere begiz ikusi artean, ez dugu benetan barneratzen hamaika aldiz entzuna. Horixe gertatu zait, hain zuzen. Ezaguna nuen MTV estatubatuarra. Ez nekien gurean ere tartetxoa zuenik. Hona egun bakar batean kate horretan kontsumi genitzakeen saioetako batzuk:

-Disaster Date: adiskide konplize baten laguntzaz, bizitzako unerik gogorrena pasako dute biktimek hitzordu tamalgarri batean.

-Parental Control: seme-alaben bikoteak gustuko ez dituzten gurasoei haiek gainetik kentzen lagunduko diete.

-Teen Cribs: hainbat nerabek euren luxuzko etxeak erakutsiko dituzte.

-Super Dulces 16: hamasei urteko gazte aberatsek euren urtebetetze jaia bitxiak nola antolatzen dituzten erakusten du.

-Paris Hilton BFF: Paris Hilton bere lagun onena izango den pertsonaren bila ari da. Astero hamasei lehiakide izango ditu helburu horrekin.

-Cita para tres: harreman bat izan nahi duten hainbat mutil eta neskak ez dute jakingo zein hautagai aukeratu.

Zer nahi duzu esatea. Bai, nire telebistako kateen artean hori ere badago. Ereduei, baloreei, irudiei, mezuei, nahi duzun guztiari egin diezaiokegu iruzkin negatiborik. Ez dira egokiak, zuzenak eta onargarriak nire mundu ikuskeraren arabera. Are, okerrak izateaz gain, estatubatuarrak dira, arrotzak. Gurean gero eta sustraituago daudenak. Ezetz? Piztu, piztu telebista, bilatu kate hori, eta, bitartean, begiratu leihotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.