Baso artean irekitzen den bidezidor itsutik ubidearen lehen hormak sumatzen dira. Hamahiru kilometro pasa dituen ubidea Leitzaran haraneko urak baliatzeko egin zuten. Sociedad Hidroelectrica Iberica eta Villabonako Udala akordioa lortu, eta 1904. urtean hasi zituzten ubideak eraikitzeko lanak. Itsas mailatik 300 metrora dago ubidea, inguru malkartsu baten puntu gorenean. Ingeniaritza lan mardula inondik ere. Ubidearen ertzeko bidezidor estutik aurrera eginez gero, ubidezainaren etxola aurkituko du aurrez aurre oinezkoak, eta bertatik, Bertxingo zentraleraino jaisten den hoditeria ikus daiteke. Mila Eskaileren ibilbidearen hasiera da.
Xabier Arruti Txanka andoaindarrak hamaika buelta egin ditu bazter horietan, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu horko pasabide eta ezkutalekuak. Leitzarango haranean gizakiak utzitako ondareak lehengoratzeko sortu zen Burdina taldeko kidea da.Ubidezainaren etxola utziaren parean hasi du hizketaldia: «Ubidearen zaindaria hementxe egoten zen gau eta egun. Igandeetan bakarrik jaisten zen herrira. Meza entzun, familiarekin bazkaldu, eta atzera gora».
Ubidearen amaieran dagoen xaretan pilatzen ziren adaxka, belar eta piztiak garbitzea zen zaintzailearen lanetako bat, ubideko urak bere bidea egiteko eragozpenik izan ez zezan. Uhateen kontrol lana ere berari zegokion, euri asko egiten zuen garaian ubideak gainezka egiten zuelako. Harresiaren marrazkiak zidorra bihurri egiten badu ere, ibiltariak eroso pasea dezake uraren ertzetik. Ez da inguru arriskutsua, baina azti ibili beharra dago, buru-nahaste bat izanez gero ubidera erortzeko arriskua dagoelako. «Ubide ertzean baranda jartzea ongi legoke, batez ere oinezkoaren beldurrak uxatzeko», adierazi du.
BARRENEAN, IBAI ABERATSA. Inguru basa da Leitzaran, piztia handi nahiz txikientzat bizitoki aproposa. Denbora asko ez dela basurdeeme bat azaldu zitzaion Txankari ubide gainean, basurdekumeak atzetik segika zituela. Berez, basurdeak ez dio zertan gizakiari eraso egin, baina bere burua larri ikusten badu, mehatxua izan daiteke ibiltariarentzat. «Horrelakoetan onena ubidera salto egitea da!», bota du irribarrez. Ubidea ez da basapiztien lagunik onena. Animalia asko ubidean erori, eta bertatik atera ezinik gelditzen dira, harik eta indar guztiak akitu, uretan ito eta hiltzen diren arte.
Ordu eta erdi ibilian eman ondoren, Praixkuren Borda izeneko lekura iristen da. Ubidearen zidorrak segi egiten du, eta pasaia ez da asko aldatzen. Bordaren ezker aldera dagoen pistan behera eginez, Bertxingo zelaiak azaltzen dira. Jaitsiera horretan Leitzaran ibaiaren ur hotsa eta Plazaolako Trenaren bidea gero eta gertuagoa sumatzen dira. Bertxingo zubitik begizta daiteke Leitzaran ibaiaren korronte bizia. Indartsu dator, bidean topatzen dituen harri eta harkaitzekin talka eginez.
Leitzan (Nafarroa) du sorburua Leitzaran ibaiak, Kornieta, Erasote, Guratz eta Ulizar mendien magalean. Areso, Berastegi eta Elduaingo urak hartu eta 42 kilometroko bidea egin ondoren, Andoainen isurtzen ditu urak, Oria ibaian. Pinu, laritz, harizti eta pagadi artean inguratua egiten du bidea Leitzaran ibaiak, fauna eta flora aberatsaren ugaltzeari bide emanez. Pirinoetako uhandreak, orkatzak, basurdeak, basakatuak eta amoarrain ugarik egiten dute aberatsa.
Ibai ertzetik aldendu, eta gora tira eginez, Plazaolako bidera irits daiteke. 1914. eta 1953. urteen artean Iruñea eta Donostia trenez lotzen zituen bidea da Plazaola. Haranaren gorenean zeuden meategi, burdinola eta harrobietako materialak garraiatzeko erabili izan zen urteetan, eta haren lekuko dira bide horretan guztian aurki daitezkeen tunelak. Mendiko bizikletan ibiltzeko leku egokia da bidea, tartean askotan zulo dezente aurkitu daitezkeen arren. Plazaolako Bide Berdea deitzen diote gaur egun trenbidea zenaren ibilbideari.
UNANIBIAKO ZUBITIK GOIBURURA. Ur hotsa nabarmena da. Bertxingo zentral hidroelektrikoa bertan dago. Kanalaren hasieran goitik behera ikusten zen hoditeria, behetik gora ikusten da orain. Aurrerago, gizakiak egindako ur-jauzi zabaleraren handitasuna nabari da, eta handik hurbil, meandro artean, Leitzarango amuarrain haztegia. Zibilizazioa gertu dago. Lehen baserriak ikusten dira, eta langile ugari bazterrak txukuntzen eta berritzen.
Plazaolako Tren-txikiaren bidean autoak ere ibil daitezke, baina lehentasuna oinezkoek eta txirrindulariek dute. Txankaren esanetan, denborarekin debekatu egin behar litzaieke autoei bide berdean ibiltzea. Asfaltozko zorua Otitako atsedenlekuan bukatzen da, Andoain herritik bi kilometro eskasera. Mokadua egiteko prestatua dago: dozena bat mahai ditu, zakarrontziak eta umeek jolas egiteko gune irekiak.
Langileak dabiltza atsedenlekuaren azpiko aldean. Arrantza Eskola eraikitzen ari direla azaldu du Txankak, eta hitz egiten duen moduarengatik, errezeloak ditu proiektu horrekiko. Errekastoak egiten duen bideari jarraituz, Unanibiako Zubia nabarmentzen da. Eskailera batzuk ditu aurretik, eta haiek baliatuz barneratzen da jendea uretara. Sorgin Zubi ere deitzen diote zubi horri. Inguruak eta zubia janzten duten untzek, misteriozko bihurtzen dute harrizko pasabidea. Izan ere, ibaiaren erdi-erdian antzinako beste zubi baten hiru oinarriek burua altxatzen dute Leitzaran ibaiaren uretan. Uste denez, errekak berak bere ibilbidea aldatu zuen garairen batean, eta zubi zaharra funtziorik gabe utzi zuen.
Unanibiatik gora herribide estu bat zabaltzen da, Goiburu auzoko baserritarrek elikagaiak igotzeko erabiltzen zuten bidea. Oraindik ere nabarmentzen dira bideko zenbait harritan gurdien gurpilen arrastoak. Malda pikoa da, eta denbora gutxian metro asko igotzen dira. Belaze eta baserriak nagusi dira berriz paisaian, behiak dabiltza larrean, eta Txertota baserriaren bestaldea ikus daiteke. Hiru orduko buelta guztira, Leitzaran haraneko urek eraldatutako paisaian barrena.
Leitzarango gida
Nola iritsi: Sarbide ugari ditu. Gipuzkoa aldeko sarbide nagusia Andoainen dago. GI-3091 errepidetik Otitako atsedenlekura iristen da. Berastegi da Gipuzkoako bigarren sarrera. Leitzan, Uitzin eta Lekunberrin daude Nafarroa aldeko sarbideak.
Atsedenlekuak: Ixkibarreko atsedenlekua Leitzan dago, Urtokoa Berastegin, Sorregietakoa Elduainen, eta Lapurtxulokoa, Otitakoa eta Olazarrekoa Andoainen.
Jarduerak: Mendia, arrantza eta txirrindularitza dira bertan egin daitezkeen jarduera nagusiak. Plazaolako Bide Berdea da erakundeak gehien sustatu dutena. Gipuzkoa aldeko zatia Foru Diputazioak eta Andoaingo Udalak kudeatzen dute, eta Nafarroa aldekoa Plazaolako Turismo Partzuergoak.
Biotopo babestua 1995etik
Eusko Jaurlaritzak 1995eko irailaren 29an izendatu zuen Leitzaran biotopo babestu. Harana Nafarroa eta Gipuzkoako lurretan dago. Gipuzkoako zatiak 74 hektareako eremua hartzen du, eta horren hiru laurdenak herri lur dira. Andoain, Villabona, Berastegi eta Elduain herriei dagokie Gipuzkoako zatiaren jabetza. Zirkulazioz eta zarataz beteta dagoen Oria ibarretik gertu dagoen bailara lasai eta isila da Leitzaran. Ibai laster, urtegi eta meandroz beteriko ibaia da haran mehar horren ikur nagusia. Zenbait baserri badaude, baina apenas bizi den jenderik. Gizakiaren aldentze hori dela medio, Gipuzkoako ibairik garbienetakoa da Leitzaran. Arrain ugari bizi da bertan: amuarrainak, aingirak, ezkailuak eta izokin kumeak.