Leitzarango ondarearen arrastoen bila

Ollokiko burdinola zaharra zaharberritzen ari da Andoaingo Burdina taldea; duela bederatzi urte sortu zuten taldea, Leitzaran ibarreko industria ondarea berreskuratzeko asmoz.

Boluntarioak dira Burdina taldeko kideak, eta larunbatetan biltzen dira zaharberritze lanak egiteko. BURDINA TALDEA.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ollokiko burdinola zaharraren arrastoak(Nafarroa) azaleratzen ari dira gutxika. Astero-astero, zerbait berria agertzen da lur azpitik: paretak, arkuak... Izan ere, 80ko urteetan Ollokiko presa garbitu zuten, eta burdinolaren gainera bota zuten handik ateratako lohia. Orain, ordea, Andoaingo Burdina taldea (Gipuzkoa) burdinola zaharberritzeko lanetan ari da.

Iaz hasi ziren Ollokin lanean. Burdinola zaharraren gaineko lurra kentzea izan zen lehen lana. «Hondeamakinak eta dunperrak erabili genituen», azaldu du Xabier Arruti Txanka Burdina taldeko presidenteak. Aurten, berriz, ahalik eta elementu gehien bilatzen ari dira. Txankaren ustez, luze joko dute zaharberritze lanek, larunbatetan baino ez baitira joaten Ollokira. «Dena den, ez dugu presarik».

Izan ere, Burdina taldearentzat, ondarea berreskuratzea ez da ofizioa, afizioa baizik. Konpromiso argiarekin sortu zuen taldea Txankak: Leitzaran ibarreko industria ondarea berreskuratzea. «Beti eduki dut izugarrizko gogoa gure aurrekoek nola lan egiten zuten eta nola bizi ziren jakiteko».

Horretarako sortu zuen Burdina taldea, duela bederatzi urte. Zortzi kide baino ez ziren hasieran, baina, orain, 90 boluntario inguruk osatzen dute taldea. Ez dute denek batera lan egiten, ordea. Hamar bat pertsona biltzen dira astebururo, lanaren arabera. «Koordinatzaile bat dugu, eta hura arduratzen da boluntarioei mezuak bidaltzen; ahal duena etortzen da».

Denetariko jendea biltzen du Burdina taldeak: medikuak, arkeologoak, arkitektoak, irakasleak, historialariak, ikasleak... Eta norbaitek parte hartu nahi badu, taldearekin harremanetan jarri besterik ez du. «Haurrak ere etortzen dira, eta nola lan egiten dugun erakusten diegu, berreskuratzearen munduan apur bat murgiltzeko».

Udaberrian eta udan egiten dituzte zaharberritze lanak, larunbatetan. Neguan, berriz, arkatza eta papera hartu, eta mendira joaten dira zer berreskura daitekeen ikustera. «Instituzioei aurkezten diegu gure proiektua, eta haiek erabakitzen dute onartu ala ez», azaldu du Txankak. Behin instituzioek onartuta, partikularren baimena behar izaten dute. Izan ere, berreskuratzen den ondare gehiena partikularren lurretan egoten da. Txankaren esanetan, ordea, jendeak ez du arazorik jartzen.

Urtero batzarra egiten du Burdina taldeak, eta bertan eztabaidatzen dute urte horretan egin beharreko lanez. Aurten, Andoaingo udaletxeko arkupean bildu dira. «Horrela, gure aitona-amonen garaiko ohitura berreskuratu nahi dugu. Haiek, herriko ermitan, udaletxean edo tabernan elkartzen ziren, ez zutelako beste aukerarik».

Leitzaran ibarreko udaletako ordezkariak izan ziren batzarrean, taldeari babesa ematen, eta 2012rako lanak onartu zituzten. Jadanik egin dituzte lan horietako batzuk. Leitzan (Nafarroa), esaterako, hiru karobi berreskuratu dituzte. Andoainen, berriz, Larramenditxiki baserriko karobia, Goiburu auzoko garbitegia eta bi dema harri berreskuratu dituzte. «Dema harri horiek orduko baserritarren anaidiak erabiltzen zituen orain dela urte asko, jaietan apustuak egiteko», azaldu du Txankak.

Leitzarandik kanpo ere bai

Leitzaran ibarrean lan egiteko asmoz sortu zuten taldea hasiera batean. «Gerora, ordea, alboko herrietan ere eskaria bazela ikusi genuen: Beizaman, Leaburun, Zizurkilen... Beraz, han ere aritu izan gara». Garbitegi publikoak eta mugarriren bat zaharberritu dituzte, besteak beste, herri horietan.

Urteak daramatza Burdina taldeak berreskuratze lanak egiten, eta aurkitutako objektu zaharrekin museo antzeko bat osatu dute euren lokalean. «Leitzaran ibarreko industria aberastasuna erakusten du museoak». Ez dago publikoari irekita, baina, norbaitek ikusi nahi izanez gero, taldearekin harremanetan jarri besterik ez du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.