Garapenerako gastronomiaren arloko Funleo Fundazioaren proiektuaren bitartez, komunitate indigenei eta afrokolonbiarrei laguntzen die Leonor Espinosa sukaldariak. Gastronomiako tradizioak gizartearen eta ekonomiaren eragile gisa identifikatzen, aldarrikatzen eta bultzatzen aritzen dira proiektu horretan. Lan horregatik eman diote Basque Culinary World Prize saria Leonor Espinosa sukaldariari, gaur Donostian. Sariaren 100.000 euroak Kolonbiako Choco departamentuko gastronomia zentro integral batera zuzenduko dute. Zentro horretan, aberastasun gastronomikoaren inguruan kontzientziatu nahi dituzte herritarrak, narkotrafikoaren alternatiba gisa. Era berean, komunitateek ondare biologiko, kultural eta imateriala era autonomikoan erabil dezaten bultzatuko dute.
Nazioarteko sukaldari prestigiotsuek eta gastronomia arloko adituek osatu dute epaimahaia, Joan Roca sukaldaria buru.
Espinosak honakoa esan du saria jasotzerako orduan: "Saria pozgarria da komunitate hauentzat, urte askoan borroka egin baitute beren balioaren aitorpena jasotzeko. Gatazka armatuak, bidegabekeriak eta bazterkeriak eragindako isiltasuna arintzen du, nolabait. Eta herrialdeari begira berretsi egiten du, berradiskidetzeko prozesu honetan, garrantzitsua dela gastronomia prozesuen alde egitea".