Liburuetara hurbiltzen

Interpretazioari bideratutako Bilboeszenako eraikinean 'Paperezko hitzorduen aretoa' jarri dute martxan, euren liburutegia gizarteari ezagutarazteko asmoarekin.

Bilboeszenako eraikinean antzezlanak irakurtzeko aukera dago, baita hormetan idazteko ere. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKIPRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Liburuak apaletatik atera dituzte Bilboeszenan, eta harrera gunera eraman. Gizartearen aurrean liburutegia ezagutarazi egin nahi dute horrela, «askok ez baitakite liburutegi bat daukagunik ere», Alizia Otxandategi Bilboeszenako arduradunaren hitzetan. 400 liburutik gorako eskaintza eraman dute harrera gunera, denak ere arte eszenikoekin lotutakoak. Baina nola lortu bilbotar eta kanpotarrak Santutxuko eraikinera igo daitezen? Deialdiak eginez.

Egunero hamar pertsonari euren posta elektronikora Bilboeszenara inguratzeko gonbidapena iritsiko zaie, eta Paperezko hitzorduen aretoa izeneko egitasmoan parte hartzera animatu, deialdien bidez. Lehenbizi, aipatutako liburuak eskura dituela jakinarazten diote hartzaileari; ondoren, maitasuna ardatz hartuta, gutun lehiaketa batean parte hartzera animatu; eta, azkenik, amaigabeko esaldi batean idaztera gonbidatuko ditu posta elektronikoaren bidez.

Azken deialdi horri lotuta, liburuak irakurtzeko areto berezi bat jarri dute Bilboeszenako eraikinean. Hormak paperarekin estalita daude, eta hasiera duten esaldiei jarraipena emateko gonbita egiten zaio irakurleari. Egitasmo horrek izan duen harrerarekin gustura daude antolatzaileak, baina oraindik bertara inguratzeko epea zabalik dagoela gogorarazi dute, apirilaren 24a izango baita esaldi hori amaitzeko eguna. Oraingoz, hala dio irakurgelako paretako esaldietako batek: «Loa ezin hartu eta zu ezin lortu / Hobe izango nuen ezagutu izan ez bazintut / hobe askoz hobeto, baina ezagutu zaitut / hau pena, hau poza! / poza, poza, poza, poza da / eta pena, pena, pena... ba ez! / batzutan biak onartu egiten dira / horixe da bizitza, nozitu gabe ezin bizi bizi gabe / ezin gozatu».

Horretaz gain, maitasuna ardatz duen gutun lehiaketa bat ere abiarazi dute Paperezko hitzorduen aretoa egitasmoan. Gutun eta poesia asko jaso dituztela zehaztu du Itziar Diaz de Durana ekimeneko arduradunetako batek. Horiek irakurtzeko, ordea, ez da Bilboeszenaren aretora inguratu beharrik izango, idatzi guztiak Facebookeko profilean jarri baitituzte. Horiekin guztiekin, lehiaketa egingo dute, eta maiatzaren 6an ezagutaraziko dute Iaiamaitasuna izeneko proposamen horretako irabazlea nor den.

Aipatutako hiru deialdiek Bilboeszenako liburutegia ezagutaraztea dute helburu, baina inork galde dezake ea zertan lagun dezaketen esaldi amaigabeek eta maitasun gutunen lehiaketak horretan guztian. Diaz de Duranaren hitzetan, «Bilboeszenara inguratzeko balio dute, eta guk egiten dugun eskaintza ezagutarazteko aukera ematen die». Maitasun gutunen eta esaldi amaigabearen deialdiek jende asko inguratu omen dute Santutxuko egoitzara, baina horietatik gutxik eduki dute parada liburu bat patxadarekin irakurtzeko.

Hala ere, orain arte askok ez zekiten interpretaziora bideratutako egoitza horretan Bilboeszenak liburutegi bat zeukanik. Orain, harrerara ekarri dituzte liburu horiek, eta esaldi amaigabeari jarraipena ematera inguratzen denak jakingo du eraikin horretan antzerki lan klasiko, garaikide, euskaldun eta nazioarteko ugari topatuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.