«Kaosa» dela dio berak, baina ez da hainbesterako. Familia liburutegi bat da Inma Errea itzultzailearena (1960, Iruñea). Familiaren nondik norakoei lotutakoa, ezinbestean, eta haien araberakoa da aipatzen duen desordena hori. Bizitzari loturiko liburutegia da berea, mugimenduan dagoena. «Hori da etxeko liburutegiek duten arazoa, ezin da irizpide zehatz bat hartu eta dena haren arabera antolatu. Ez da kontu sistematiko bat, eta esku asko ibiltzen dira hemen liburuak hartu eta liburuak utzi». Ez da hori bakarrik; egongela ere bada, jangela ere bai bazkari berezietan, eta lantoki, gehien-gehienetan.
Bizitza horren isla da liburutegia, haren oihartzunak jasotzen dituena. Eguneroko moduko bat, irakurtzen jakinez gero. Etxeko kideen nondik norakoez ari dira liburuak. Pedagogia liburuei eskainitako apalak, bidaiei loturikoak, familiako argazkiei eskainitakoa, literatura, saiakera, narrazioak, aitarena izandako biologia liburu zaharra, eta baita edoskitzeari buruzko liburuak ere. Denak batera, denak nahasian, guztiz benetakoa ez den desordena moduko batean. Familian edo.
Beste apalategi batean daude lanerako erabiltzen dituen liburuak. Kontsultazko lanak; hiztegiak, atsotitz bildumak, entziklopediak... «Gero eta mugimendu gutxiago du atal honek», azaltzen du Erreak. «Beti dago zerbait hemen begiratu beharrekoa, baina, egia esanda, Interneten daukagu gehien-gehiena jadanik, eta, horregatik, kendu egin ditugu liburu horietariko batzuk».
Umetatik izan du lilura Erreak liburutegiekiko, eta pribatutik publikora egiten du jauzi. «Niri gune miragarriak iruditzen zaizkit liburutegiak. Etxeetakoak bai, baina, batez ere, publikoak, egoera onean baldin badaude behintzat. Ez dakit inoiz utziko diodan liburuak erosteari, badut-eta fetitxismo puntu batliburuekin, baina gustura hartuko nuke liburu elektronikoa ere. Leku arazo bat konponduko genuke. Eta gure liburutegia izan daiteke interesgarria, baina liburutegi publikoak dira balio dutenak».
«Itzultzea ikaragarri gustatzen zait», dio, «zorte hori dut». Lanetik aparteko lanetarako erabiltzen duen mahai gainean daude proiektuan dituen itzulpenak, ordenagailu ondoan. Itzultzen hasi berria den Manifeste d'économistes atterrés izeneko liburuxka eta zenbait ilustrazio album. Apalen artean dago bere azken itzulpen lana: Stephane Hesselen Indignez vous!, Erreak euskaratua; Haserretu zaitezte! Eta hori da, hain zuzen, liburutegi publikoez ari dela berak hartzen duen jarrera ere. Haserrera deitzen du jendea.
Haserrerako deia
«Oso inportanteak dira liburutegi publikoak, haiek eman ohi dute gizarte baten maila», dio. Eta txarra da maila Iruñean, dioenez. Kritiko mintzo da; «irizpiderik ez dago liburuak erosteko, eta ezta liburutegiak irekitzeko ere. Nire auzoan, zabalgunean liburutegirik ere ez dago, Alde Zaharrekoan egin duten aldaketa lotsagarria da, mailegu sistema eskasa da... Liburuzainen lanari esker funtzionatzen du sistemak, zeren bestela... Presio handiagoa egin beharko genuke». Aldarri bat da Errearena, funtsean; bi hitzeko manifestua: Indignez vous!
Inma Errea. Itzultzailea
«Liburutegi publikoek eman ohi dute gizartearen maila»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu