Urtero bezala, Donostiako kaleak korrikalariz beteko dira Lilatoiarekin, «berdintasunaren aldeko aldarria» izateko helburuarekin. Igandekoa 31. aldia izango da, eta inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte Norantza bakarra du bideak lelopean: 6.564, denera. Urtetik urtera indartuz joan da. Begiratzea besterik ez dago 1990. urtean izan zuen parte hartzea, 160 lagun, eta egun duena.
Lehen aldi hartatik hona milaka emakumek hartu dute parte bost kilometroko ibilbidean. Hainbatentzat kirolean eginiko lehen urratsa ere izan da. Halere, lasterketa antolatzen aritu den Edurne Martinez de Trebiñok BERRIAri adierazi dio Lilatoiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat dela emakumeek «presentzia irabaztea» espazio publikoan: «Inportantea da egun horretan eremu publikoa emakumeena izatea, presentzia horrek nabarmena izan behar duelako».
Aurtengo lasterketari dagokionez, Zumaiako taldeak jasoko du talde handienaren saria. Denera 151 emakumek eman dute izena, Zumaiako Emakumeon* Etxearen izenean. Maider Urbieta dinamizatzailearen esanetan, hiru talde handienetako bat osatzeko «erronka» bota zuten, eta pozaren pozez daude izaniko erantzunarekin: «Oso egun polita da; elkar ezagutzen ez dugun emakumeak elkartzeko balio digu». Izan ere, azpimarratu du elkar ezagutzeko sortu zutela Emakumeon* Etxea, «eta harekin bat dator Lilatoia».