Literatura

'Linguae Vasconum Primitiae' lana beste sei hizkuntzatara itzuliko dute

Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lankidetzari esker egin dira euskarazko lehenengo liburuaren itzulpen berriak. Lanak abenduaren 3an aurkeztuko dituzte, Euskararen Egunarekin batera, legebiltzarrean egingo duten ekitaldian. Ekitaldian, Koldo Mitxelena hzkuntzalaria ere omenduko dute.

'Linguae Vaconum Primitiae'-ko lehen edizioko ale bakarra gelditzen da gaur egun, Frantziako Liburutegi Nazionalea, Parisen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko azaroaren 24a
10:47
Entzun

"Euskara, jalgi hadi mundura", idatzi zuen Bernart Etxeparek 1545ean. Egunez egun, aurrera doa asmo hori. Hala ere, ez da euskara bakarrik mundura zabaltzen ari dena: Etxepareren lana bera ere bai, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak, elkarlanean, beste sei hizkuntzatara itzuli baitute Eiheralarreko erretorearen lana: polonierara, errusierara, finlandierara, nederlanderara, hebreerara eta georgierara.

Euskara... Plazan! lelopean abenduaren 3an egingo duten ekitaldian, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lanak aurkeztuko dituzte. Ekitaldia ETBk zuzenean eskainiko du, 09:00etan. Bertan, Etxepararen lanaren hainbat zati irakurriko dituzte itzulitako hizkuntzetan.

Ekitaldian bertan, Koldo Mitxelena ere omenduko dute. Hizkuntzalari eta euskaltzain ohiaren jaiotzaren mendeurrena baita aurten. Etxepare eta Mitxelena euskararen historian berebiziko garrantzia duten bi pertsona dira. Mitxelenak euskal hizkuntzalaritza eta filologiaren oinarriak ezarri zituen. Henrike Knorrek berak "euskalari gorena" deitu zuen.

Etxepareren bizitzaren inguruan ez da gauza jakinik, soilik idatzita utzi zuena. Baina haren izenak mendeetan iraun du, euskarazko lehen liburua idatzi zuelako. Mitxelenak berak Etxepareren lanaren garrantzia nabarmendu zuen: "Eragozpenak eragozpen, plazara ginen Etxepare geroz, eta plazan iraungo dugu, gerta ahala gerta, baldin asmoz eta jakitez, ausarki, eta hala ere, neurriz jokatzen badugu".

Erakundeen arteko ituna

Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak liburuak publikatzeko ituna sinatu zuten 2011n. Geroztik, Linguae Vasconum Primitiae lanaren hainbat itzulpen eta berrargitalpen egin dituzte. Lehena 2011n izan zen; orduan, gaztelaniaz, ingelesesez, frantsesez, alemanez eta italieraz eman zuten liburua. Bi urte geroago, berriz, galegora itzuli zuten, katalanera, errumanierara, kitxuara, txinerara eta arabierara.

Ekainean, Euskaltzaindiak Linguae Vasconum Primitiae braillera egokituta publikatu zuen, ONCE Espainiako Itsuen Erakundearekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.