Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Liraina eta aberatsa

Xabier Lasa.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Begiratu objektiboagoa.Jose Luis Peñalva kazetariari hamar minutuko tartea (09:05-09:15) eman zaio azken bi urteetan asteburuetako MQP saioan. Prentsaren irakurketa gisa aurkezten zuen tarte hori Almudena Cachok, baina disimulatu ezineko jarrera ideologiko batekin egiten zuen mintzaldia Peñalvak, EITBn agintzen dutenen alde betiere. Prentsa bere nahierara maneiatzeko erabiltzen zuen mintzaldiaren erdia, bere iritzia emateko beste erdia. Denboraldi berria jada hasi delarik, desagertu egin zaigu gizona dialetik; ez dizkigute jakinarazi hura kentzeko arrazoiak. Loreto Larunbe REko langileak hartu du bere gain lan hori, eta tarteak aniztasunean eta objektibotasunean irabazi du erruz. Izan ere, errealitatearen analisiari zama ideologikoa eransteko, aski dugu ondoren etorri ohi den legebiltzarreko politikarien solasaldia.

Uniformizazioa.RE eta EIko albistegietako erredakzioak batean biltzea. Neurri hori —beste zenbaitekin batera— dakar EITBko zuzendaritzaren plangintzak, murrizketa ekonomikoak egiteko asmoz. Halaegingo balute, albistegiak uniformizatuko balira alegia, aurreikus daiteke emaitza, errealitatearen trataeraren kaltetan. Krisiaren aitzakiatan, zuzendaritzak ideologikoki horrenbeste kontrolatzen ez dituen EIko albistegiak neutralizatuko lituzke, REkoetara erakarriz, menekoagoak baititu horkoak.

Kirol bazka.Kirol saioek zer egingo lukete futbolari, entrenatzaile nahiz taldeko agintarien ahoberokeriarik gabe? Horien partidak kontatzeagatik ez, baizik eta horiek adierazpen saltsa-sortzaileak egin zitzaten ordaindu beharko lukete kanona. «Liraina, aberatsa eta oso jokalari ona naizelako txistukatzen naute aurkarien zelaietan», adierazi zuen Cristiano Ronaldok asteazkenean. Hausnarketa ezin burutsuago hori jaurtitzeko ahoa ireki bazuen, ireki, bazka eman die estatuko kirol saioei egun batzuetarako. Entzule gehien duten kateek, Cope eta SER kateek, eskema berbera errepikatu zuten ostegunean, gidoiak pertsona berberak idatzi izan balie bezala: eguna, kaletarrei eta beste futbol taldeen jokalariei inkestak eginez (mihitik tiraka) pasa zuten han-hemen; gauerdia etorrita, berriz, «bat al zatoz Ronaldok esandakoarekin?» galdetu zuten asteko eztabaidan, euren saio izarretan (El partido de las 12 eta El Larguero).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.