«Literaturak paperezkoari eta digitalari eutsiko die, baita euskarri berriagoei ere»

Liburu elektronikoaren inguruko hitzaldia emango du gaur Bilbon, Bidebarrieta Kulturgunean, 19:30ean. 'Eztabaidak literaturarekin' egitasmoko urteko azken saioa izango da.

Maite Alustiza.
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Jorge Gimenez Bech (Irun, Gipuzkoa, 1956) Alberdania argitaletxeko editorea eta itzultzailea da. Horretaz gain, Euskal Editoreen Elkarteko presidentea ere bada. Eztabaidak literaturarekin jardunaldian parte hartuko du gaur Bilbon, Bidebarrieta kulturgunean. 19:30etik aurrera, liburu elektronikoaren orainaz eta etorkizunaz hitz egingo du Sabin Gorrotxategirekin, Alexis Mindegiarekin eta Iñaki Estebanekin batera.

Nola ikusten duzu orain arte liburu elektronikoak izan duen salmenta?

Oso hastapenetan gaude oraindik. Gurebook.com webguneak oraindik ez du hilabetea bete, eta euskarazko liburu elektronikoaren ikuspegitik, oraindik oso goiz da salmenten taxuzko balorazio bat emateko. Irakurgailuek teknologikoki norantz egingo duten ikusi behar du jendeak. Bi teknologia multzo ditugu orain: tinta elektronikokoak eta TFT pantailak dutenak. Jendeak oraindik ez du oso ondo definitu bere burua irakurgailuaren inguruan, eta merkatuan ez da orokortu irakurgailu elektronikoaren presentzia. Aldez aurretiko kontuak falta dira oraindik, baina, horrekin batera, beste gauza garrantzitsu bat dago: euskal argitaletxeak, besteekin batera, lan izugarria egiten ari gara digitalizazio politika definitze aldera.

Gazteak erakartzeko modua izan daiteke?

Erakartzeko baino gehiago, bidea errazteko. Gazteak oso natural sentitzen du bere burua ingurune digitalean, oso eroso. Beraz, logikoa litzateke irakurzaletasuna inguru horretara pasatzea. Baina, azken finean, ingurune batean edo bestean, irakurzaletasuna da. Irakurtzea gustuko ez duenak ez du digitalean irakurriko paperean irakurtzen ez zuen zerbait. Eta alderantziz: paperean irakurtzen duenak digitalean ere irakurriko du.

Etorkizunean, liburu elektronikoek paperezkoak ordezkatuko dituzte?

Liburu batzuek ingurune digitalera bide automatikoagoa eta masiboagoa egingo dute; zientifiko-teknikoek, historiakoek eta kontsulta liburuek, esaterako. Baina literaturak digitalari eta paperezkoari eutsiko die, baita euskarri berriagoei ere.

Pirateriari aurre egiteko modurik egongo al da?

Ingurune digitalean arazo nagusietako bat da hori. Printzipioz, errazagoa da digitalean pirateatzea, baina gaur egun paperean ere pirateatzen dira liburuak. Ez gara gauza berri batez ari, akaso bai gauza masiboago batez. Eztabaidatzeko kontu asko dago oraindik. Batetik, jabetza intelektualarekiko errespetua; eta, bestetik, artxiboak babesteko modua. Oraingoz, euskal produkzioari dagokionez, argitaletxe gehienok artxiboak babestearen aldeko praktikan ari gara.

Liburu elektronikoa agertzea kaltegarria al da argitaletxe eta liburu dendentzat?

Liburu dendak, argitaletxeok bezala, transformazio puntu batera iritsiko dira, eta iristen ari dira. Negozio eredua, funtzionamendu eredua, komunikazio protokoloa... gauza asko ditugu aldatzeko. Galdera asko daude oraindik erantzunik gabe: aldi bereko edizio digitala eta paperezkoaren alde egin, paperezkoari tarte bat utzi... Liburu dendek espazioak eta kontsulta bideak egokitu beharko dituzte. Zabaldu, baina paperezkoari bere tokia bermatuz. Hori egiten ez duena epe motzean ez da desagertuko, baina epe ertainean ez da besteak bezain lehiakorra izango. Egokitzen ez denak arazoak izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.