Lizarrustiko harribitxiak

Parketxetik Lareo urtegirako ibilaldia antolatu dute iganderako BERRIAk eta Mendiz Mendik, irakurle eta harpidedunentzat. Joseramon Agirre 'Marron' mendizaleak egingo ditu gidari lanak.

Donostia
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gipuzkoako lau natur parkeetako bat da Aralar, eta hara sartzeko ateetako bat Lizarrustiko parketxea. Handik abiatuko dira oinez BERRIA egunkariko harpidedun eta irakurleak igandean. Euskarazko kazetak eta Mendiz Mendi, Mendez Mende Kutxak eta Gipuzkoako Aldundiak hauspotutako ekimenak elkarlanean antolatu dute jaiegun goizerako txangoa, eta Lizarrusti eta Lareo urtegiaren inguruak ezagutzeko, Joseramon Agirre Marron mendizalea izango dute gidari. Ataundarra da Marron, eta «etxearen parekoa» du Aralar. Etxeko ateak irekiko dizkie bertaratzen direnei, eta natur guneko xehetasunak emango.

Ibilbide motza izango da, bi ordu pasatxokoa, haurrekin egiteko modukoa. «Parketxea abiapuntu hartuta, inguruko pagadiak eta Aralarko barrunbeetan nagusi diren sistema karstiko eta harrizuloen berri azalduko dut», argitu du Marronek.

Ibilian hasi, eta Akerretako mailoazpiko bidetik jarraituko dute. «Akerretan menditik egurra jaisteko pasabide bat zegoen, eta tunelak dira horren lekuko. Ur-jauziak ere badaude, eta leku ikusgarria da udazken garaian, batez ere; hostoen kolore festa ikaragarria da». Aholku bat eman nahi izan die parte hartuko duten ibiltariei: «Argazki kamera eraman dezatela, udazken koloreak bezalakorik ez dagoelako mendian».

Lareo urtegirako bidean jarraituko dute. Inguru basatian ongi integratutako urtegi bat dela uste du mendizaleak. «Elorriek inguratuta, oso inguru lasaia da, merezi du». Ibilaldian Lareo urtegiari itzulia emanda jarraituko dute, eta handik itzuliko dira parketxera. Aurrez, ordea, Lareo inguruko trikuharri, leize eta mitologia kontuen berri emango du Marronek. Bi eta hiru ordu bitarteko txangoa izango da.

Bisita Barandiaran museora

Mendi irteera parketxean bertan bukatuko dute, baina ez goizerako prestatutako egitaraua. Ataunera jaitsi eta Barandiaran mitologia museoari bisita egiteko modua izango da ondoren. Ataungo alkateak berak egingo die ongi-etorria museoan. Bisitaldiarekin bukatuko da goiz-pasa.

Lizarrustira autobusean joateko modua jarriko du BERRIAk. Autobusa 08:30ean irtengo da, Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik, eta Barandiaran museoari egindako bisita bukatuta, eguerdirako itzuliko da abiapuntura. Autobusean joan nahi dutenentzat badira oraindik lekuak, eta gaur da izena emateko azken eguna, eta, horretarako, 943-30 43 45 telefono zenbakira deitu behar dute. Zuzenean Lizarrustira joan nahi dutenentzat, berriz, 09:30 eta 10:00 bitartean jarri dute ordua antolatzaileek. Hamarrak inguruan hasiko dute mendi buelta, Lizarrustiko parketxean eskainiko duten kafesne beroa hartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.