Azpeitiko auzoa da Loiola, eta Sanjuandegitik (Azpeitiko auzotik) berehala hel daiteke bertara oinez. Horretarako, garai batean Urolako trenak jarraitzen zuen bidearen gainean, pasealekua dago egun. Oinezkoentzako ez ezik, txirrindularitza zaleentzat ere badu bidegorria; bide hori Azkoitiraino heltzen da. Loiolako auzoan sartu eta berehala, bisitariak eskailerarekin eta dinosauro ahodunarekin, zuhaitzarekin eta elefantearekin egingo du topo. Guztiak, ingurugiro etxeko jolas parkean dauden txirristak dira.
INGURUGIROA EZAGUTUZ. XV. mendeko baserri baten barnean dago Ingurugiro Etxea. Garai bateko Egibar baserriaren atarian garbi irakur daiteke: «Egibar etxe honetan azi zan, ume zala, Loyolatar Iñigo Deuna». Garai batean, beraz, San Inazio bizi izan zen bertan, baina egun hainbat haur eta gazte barneratzen dira etxe horretan ingurugiroari buruzko hainbat alorren inguruko informazioa jaso eta ikasteko. Bertan, besteak beste, hondakinen berri, uraren hornidura eta tratamenduaren, energiaren garraio eta sorreraren nahiz baserri munduarekin eta herri inguruarekin loturiko ikasgaien berri jasotzen dute bisitariek. Horretarako, museoak erakusketa areto ugari ditu, eta 17 arlori loturiko erakusketak jorratzen dira bertan. Museoan bisita gidatuak egin daitezke, aldez aurretik hitzartuz gero.
Egibar baserria pasa eta inguruko baserrietako larreetan lasai asko ikus daitezke zelaietan dauden oilo eta oilarrak. Beste aldean, berriz, artasoroak eta baratzeak baserritarren zain daude. Pasealekuan aurrera eginez, laster helduko da bisitaria garai batean Urolako trenaren geltokia zen hartara.
LOIOLAKO GELTOKIA . 1926an hasi zen Urolako trena martxan. Zumarraga eta Zumaia elkartzen zituen trenak, eta trenbideak zeharkatzen zituen herrietako eta auzoetako bizilagunek hainbat une igaro dituzte tren horretan barrena. Loiolatik ere pasatzen zen trena, eta gainontzeko herrietan bezala, zutik dago oraindik ibiltzeari aspaldi utzi zion trenaren geltokia. Geltokira heldu aurreko bidean ikus daiteke trenak igarotzen zuen tunela, eta haren gainean auzoko hainbat etxe daude zutik. Egun, trenik ez da bertara iristen, baina herri lanetako kamioien joan-etorriak uxatzen du inguruetako isiltasuna.Geltokiaren alboan, auzotarren elkarte gastronomikoa dago.
PARKEAN PATXADAZ .Geltokia atzean utzi, eta basilikaren aurreko parkea aurki daiteke. Bertan atzera eta aurrera ibiltzeko hainbat bide daude. Haurrekin paseoan dabiltzan aitona-amonak nahiz ibiltzera irten diren azpeitiar nahiz azkoitiarrak igarotzen dira patxadaz bertatik. Santutegiko moja nahiz jesuitek ere hainbat buelta ematen dituzte egunean bertan, inspirazio bila edo. Urolako ibaiaren nahiz errekako uraren hotsa, ez da besterik entzuten parkean barrena. Parkea pasa, eta santutegia eta basilika daude aurrez aurre. Hari begira, bisitariak etxera opari eta guzti joateko aukera ematen duten bi kiosko. Barnean, denetik. Noski, ez dira falta santuaren irudiaren figurak, ez eta postalak, abanikoak, kamisetak, txapelak eta bestelakoak ere. Pasealeku ez ezik, basilikan egiten diren hainbat ezkontzatako argazkilaritza gune ere bilakatzen da askotan parkea. Basilikan ez ezik zubia igaroz dagoen Kiruri jatetxean ere hainbat ezkontzatako otorduak egiten dira.
ERLIJIOSOEN GORDELEKU. Basilika eta santutegia dira inguruetan bisitari gehien jasotzen duten guneak. Basilika Berniniren ikasle zen Carlo Fontana arkitekto italiarrak sortu zuen, XVII. mendean. Bi mende luze behar izan zituzten basilikako lanak amaitzeko; basilika sortze lanetan, bertako harginek eta beharginek jardun zuten. Gipuzkoako beste bi basilikekin batera, Hiru Tenploen Ibilbideetako ataletako bat da; Loiolarekin batera, Zumarragako Antzinako Amaren elizak eta Oñati-Arantzazuko santutegiak osatzen dute Hiru Tenploen Ibilbidea.
Ateak zabalik edukitzen ditu basilikak asteartetik igandera bitartean -goizez, asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara; igande eta jaiegunetan goizez bakarrik zabaltzen da-eta bertan sartu ahala deigarriak dira dituen nabe biribila, inguruko zazpi aldareak eta gaineko kupula. Bestalde, arreta merezi duten hainbat gune daude barnean: zortzi estatuak, armarriak, Cavaille-Coll organoa eta Ignacio de Iberok XVIII. mendean San Inaziori eskainita eginiko erretaula nagusia.
Basilika santutegiaren barnean dago kokatua. Santutegiak ere ateak zabalik edukitzen ditu bisitariarentzat; bi euro ordainduta, eraikin guztia bisita daiteke. Santutegia XVII. eta XVIII. mendeen inguruan sortu zen, Loiolako antzinako dorretxearen inguruan; bertan jaio zen, 1491n, Inazio santua. 1991n, San Inazioren jaiotzaren 500.urteurrena zela eta, basilikan berritze lanak egin zituzten.
ERREKARTE BASERRIA . Erlijioarekin lotura handia izan duen auzoa izan da Loiola, santutegiarekin ez ezik, inguruko zenbait etxek eta eraikinek ere erlijioarekin lotura izan baitute historian zehar. Errekarte baserrian, esaterako, Garate anaiaren etxea bisita daiteke. Bertan jaio zen, 1857an, Frantzisko Garate Dohatsua, Juan Pablo II.ak 1985ean dohatsu egina. Garate anaiaren etxearen eta santutegiaren tartean, berriz, Gogoarte etxea dago. Inguruetako erakin berriena da, 1940ko hamarkadan sorturiko monasterioa. Inguruetan, berriz, Arrupe eraikina dago. Bertan, 49 gela daude, atseden eta lasaitasun bila dabiltzan bisitariek leku har dezaten, konferentzi aretoa eta otoitz lekua ere baditu.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi:
Donostiatik, Iruñetik eta Iparraldetik A-8 autobidea har daiteke; Azpeiti, Zestoa eta Zumaiako irteera hartu. Ondoren, biribilgunean, Zestoa, Azpeitiko norabidea hartu, GI-631 errepidea; Azpeitia herria igaro, eta aurrez aurre agertzen da Loiola. Bizkaitik eta Arabatik A-8 errepidea har daiteke, eta Elgoibar, Mendaro, Azkoitiko irteeran irten; biribilgunean, Azkoitirako norabidea hartu, GI-2634 errepidea.
Non jan
Uranga: 943-81 25 43, Kiruri: 943-81 56 08, Juantxo: 943-81 43 15.
Non lo egin
Loiola hotela: 943-15 16 16, Loiolako aterpetxea: 943-81 65 08, Ezkuzta pentsioa: 943-81 11 28, Larrañaga ostatua: 943-81 11 80.
Santutegiko ordutegia
Asteartetik igandera, 10:00etatik 13:00etara; azken bisita, 12:30ean. Arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara; azken bisita, 18:15ean. Igande eta jaiegun arratsaldeetan, itxita.
Ingurugiro Etxea
Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:30era. Larunbatetan: 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 17:30era. Igandeetan: 10:00etatik 13:00etara. Jaiegunetan, itxita. Informazio gehiago: 943-81 24 48 eta www.ingurugiroetxea.org webgunean.