Lore eta lilien pausalekua

Xumea. Baionako Rene Cassin baratzea hitz batez laburbildu behar balitz. Jendea atseden hartzera joaten da parke txikira, milaka loreek inguraturik, hiriaren erdi-erdian.

Xan Aire.
2008ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Plastikozko poltsa zuhaixka baten azpian gorde du. Aulki baten gainean jarri da, ardo beltz merkea zangoetan, eguneko azken argi printzak egunkari zahar bat irakurtzeko baliatuz. Rene Cassin baratzean, Baionako parke nagusian, pasatuko du gaua Michelek. «Gehienetan bezala». Aterperik gabekoa da Michel. Bi urte Lapurdin dagoela. «Hiri honetan, leku lasaiak daude han eta hemen. Baina ni baino zaharragoek hartuak dituzte hoberenak. Parke honetan gustura nago. Eguna argitu orduko, haatik, ospa egiten dut, batzuek ez bainaute hemen ikusi nahi».

Gaur, bakarrik dago parkean. Baina aterperik gabeko jende gehiago izaten omen da usaian, neguko egun latzak urruntzen direnean. Michel Baionako parkeko pertsonaia bat da, berak erranik. Baina ez du argazkitan atera nahi, ez eta bere biziaz deus kontatu nahi. «Ez gara zooan. Oraindik duintasuna geratzen zait, motel. Baina, bi urte hemen iraganik, nonbait hemengoa naizela erran nahi dut. Baratzeko lili bat». Alta, bere inguruko loreak nork, noiz, eta zergatik landatu zituen ez daki. «Ideiarik ere. Herriko Etxeak, polit egiteko, hain segur ere».

1908. urtean eraiki zuten Baionako lehen parkea, hiri erdi-erdian, Leon Bonnat margolari ospetsuaren izena ezarriz. Armada frantsesaren eraikuntzak txikitzea erabaki zuen garaiko udalak, «hiriak atsedena hartzeko». Horiek horrela, Herriko Etxearen gibelean zelai zabala agertarazi zuten hiriko arduradunek, Aturri ibaiak besarkaturik. Garaiko modako punta-puntako parkea eraiki nahi zuen udalak. Hiru zatitan banatu zuten zelaia: lehenean, plaza zabal bat utzi zuten; besteetan, bi baratze klase eraiki: lehena frantses estilokoa, eta bestea, berriz, ingelesa.

Garai horietako 11.600 metro koadroetatik, bakarra ere ez da mugitu mende batez. Izena baizik ez zioten aldatu, 1980ko hamarkadan. Leon Bonnatek bere museoa zuela eta, Rene Cassin, 1946. urteko Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenaren idazlearen izena jarri zioten parkeari. XX. mendean, hainbat natura eremu eraikiak izan dira Lapurdiko hiriburuan: harresietakoa, botanikoa, Caradoc gaztelukoa, eta hainbat gune txiki, landarez beteak. Baina hiri erdikoa geratzen da gune berde horien bihotza.

Bertan sartzean, hiriaren taupadak senti dira. Aturri ibaiarekin batera, Bonnat eta Leclerc etorbideek besarkatzen dute parkea. Motorrak, arrasten karrankak, eta klaxonen oihuak entzuten dira. Baina, nahiz eta errepideak hurbil izan, zuhaitzek hesi eztia osatzen dute. Eta ostatuetako terrazetako algarak ere gogotik sartzen dira parkean.

Baionako biziaren erdian, beste mundu bat. Michel bezalako eskaleak ilunabarretan. Egunez, jende heldua. Lanak bizirik utzirik, egunkari ala liburuak gozatzen, goiza pasatzen ari direla, eguzkiak ferekaturik. Aitatxi-amatxi bikote hori bilobekin etorri da. «Hiria baizik ez dute ezagutu, orain arte, apartamentu hertsian. Natura ezagutzen hasi behar dute». Bi mutikoak harrapatuko ez dituzten usoen gibeletik ari dira korrika. Zozo eta birigarroak, berriz, baratzezainek berriki ereindako haziak lapurtzen. Eta txolareak, emakume eskuzabal batek utzitako ogi zati batentzat borrokatzen.

Hegazti horietaz aparte, ez dago beste abererik Baionako parke horretan. Arrain gorri batzuk daude urtegi txiki baten barnean. Garaian, dortokak ere omen zeuden. Baina sinpletasun hori udalaren nahia da. «Animalientzat, leku anitz behar da. Eta leku gehiagorentzat, beste parke bat eraiki behar genuke. Guk, hiri erdian atxiki nahi dugu natura gune hori», azaldu du Goietxe jaunak, baratzezainen arduradunak. «Hego Euskal Herrian, parke zabalak badaude. Guk, atseden lekua baizik ez dugu nahi lanaren munduaren erdian. Eta, leku txikian, hobeki babestuak izateko inpresioa sortzen da».



ELEZAHARREN ARTEAN. Zuhaitzek inguratzen dute parkea. Eta lekuaren sekretuak ez dituzte salatzen. Liburuek bai, haatik. Frantses baratzearen erdian, San Leon deitzen duten iturria dago. Erdi Aroko apezpiku frantsesa zen San Leon hori, Rouen hirikoa. Euskal Herrira bidali zuten, jendea kristautasunera bihurtzera. Baionan zenean, ordea, lapur batzuek eraso zuten, eta burua moztu. Baina ez zen horretan amaitu apezpikuaren bizia. Erlijioko mitologiak dioen bezala, burua beso azpian hartu, eta azken urratsak egin zituen, berak bakarrik. Burua lurrean pausatu zuen lekutik, ur iturri bat atera omen zen. Garai horietatik, sekula agortu ez den iturria.

Horiek horrela, ingeles baratzak ere bere anekdota dauka. Zuhaixka batzuen erdian, Ote Lorea deitzen duten estatua dago. 1908an parkea eraiki zutenean, eztabaida latzak izan ziren horren inguruan. Emazte gazte bat biluzik ageri da, urtegia zaintzen ari dela. Giristinoenentzat, eskandalu gaitzaren mamia izan zen. Parean, garai berria eraiki nahi zutela erantzun zieten, parkea eta estatua modernitate horren ikurrak zirela azpimarratuz. Mende bat berantago, emakume bat biluzik ikus daiteke Baiona erdian, bi gizonek, Leon Bonnat eta Achille Zo, XIX. mendeko margolari ospetsuen estatuek zaindurik.

Bi baratzak ontsa bereiziak dira. Frantsesean, hiri osoan landatuko dituzten loreak probatzen dituzte. Bakoitzaren ahalak, iraupenak aztertuak daude. Eta urte osoan apaintzen eta zaintzen dituzten bi langileek, lore feria alaia lortzen dute, arrosa, nenufar hori, bioleta, petunia, eta hainbat landare exotikoekin. Urtean bi aldiz aldatzen dituzte lore motak. Neguko ala udako ordutegiaren arabera ixten dute, iluntzean, parkearen zati hori. «Lore ondare garrantzitsuegia dugu askatasun osoan uzteko. Probak egin izan ditugu, zoritxarrez, eta jendeak ez ditu gure loreak sekula errespetatu, baratzea zabalik utzi dugun bakoitzean», jakinarazi du Goietxek.

Baratze ingelesak, berriz, ez dauka ez ordurik, ez hesirik, ez mugarik. Zuhaitz eta zuhaixkek ongietorria egiten diete ibiltariei. Klase guzietakoak harrapa daitezke, txiki ala erraldoiak: magnoliak, zedro urdinak, Japoniako pinu txikiak, Europako lizar zuriak, zumarrak. Udako bero latzenetan, altxor paregabea eskaintzen dute arbolek: itzala. Baionako jaietan, bestazale franko egoten dira bertan, bezperako parranda ezin irentsiz, datorren gau suharra jasateko indarberritzen ari direla. Baina ez da bestelako animaziorik sekulan antolatu parkean. Kontzertuak auzoan, De Gaulle plazako kioskoan egiten dira udan. Azokak, beste parkeetan. Historian zehar, ez da sekula prostituzio ala droga aferarik entzun hemen.

Rene Cassin, Baionako pausalekua da, lekuko aulki guziek salatzen duten bezala. Zakurrek loturik ibili behar dute. Kirolarien lekua ere ez da. Bizikletaz ala patinetetan ibiltzen direnek ez dute bertan sartzeko eskubiderik. Eta, nahiz eta batzuk kontra izan, urtegi ala belardiak ere debekatuak daude. Bazterrak babestu behar direla eta. Hobe naturarentzat. Hobe loreentzat. Hobe lilientzat. Michel eskaleak ez luke jende gehiegi ikusi nahi «bere» parkean. Nola eginen du, udan, turisten artean? «Udan, orain egunez bezala da. Batzuek ez gaituzte hemen ikusi nahi».



ParKearen GIDa

Parkearen izena: Rene Cassin baratzea.

Nola ailegatu: Baiona erdi-erdian dago, Herriko Etxearen gibelean, De Gaulle plazak, eta aparkalekuak bereizita. San Leon biribiletik, Paulmy etorbidea jaitsi, Bonnat etorbidera joan eskuin. Hor, ezkerrean, De Gaulle plazan utz daiteke autoa, ordainduz. Bestela, autobus guziak Herriko Etxearen aitzinean gelditzen dira. Hortik oinez erraz joan daiteke.

Parkearen sarbideak: De Gaulle plazatik sartze txiki bat dago. Autoa aparkatu, eta sarbide politena geratzen da. Bestela, parkea besarkatzen dituzten Bonnat eta Leclerc etorbideetatik ere sar daiteke.

Parkearen datuak: 1908. urtean eraiki zuten, Frantziako armadaren lehengo eraikuntzen gainean. Luzaz Leon Bonnat parkea izena izan du, baina 1980ko hamarkadan Rene Cassin baratzea izena jarri zioten. XX. mende hasierako estiloa atxiki du parkeak, bi zatitan banatua: frantses baratzea, lorategi eta iturriarekin; eta ingeles baratzea, xumeagoa, zuhaitzen itzalean lasaitzeko. Sortuz geroztik, 11.600 metro koadro ditu parkeak.

Zuhaitz eta landare espezie aipagarrienak: Zuhaitz eta zuhaixkek inguratzen dute parkea. Horien artean, magnoliak, zedro urdinak, Japoniako pinu txikiak, Europako lizar zuriak, zumarrak. Lore ugari daude frantses baratzean: arrosak, nenufar horiak, bioletak, petuniak eta hainbat landare exotiko.

Fauna: Gauza gutxi ikusteko, usoak, biligarroak, zozoak, txolarreak. Urtegi txiki batean, arrain txiki batzuk ikusten ahal dira.

Erabilera baldintzak:Belardi, iturri eta urtegiak jendeari debekatuak dira. Zakurrak loturik joan behar dute. Bizikletaz ala patinez erabiltzea debekatua. Aulki anitz daude: atsedena hartzeko lekua da. Jateko eta edateko debekurik ez dago.

Ordutegia: Ingeles baratzea beti zabalik dago. Frantses baratzea, iluntzean ixten dute: 19:00etan neguan, 22:00etan udan. 08:00etan zabaltzen dute.

Parkearen jabetza: Publikoa. Udalak bi langile ezarri ditu loreak apaintzeko eta artatzeko.

Informazio osagarria: www.bayonne.fr (frantsesez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.