Jone Larrañaga.Faktoria saioko kazetariak Asisko Urmeneta komikilaria elkarrizketatu zuen, gazteei hitzaldi bat egin izanaren aitzakiatan. Solasaldi mamitsua edo entretenigarria (Urmenetak norbanakooi eragin diezagukeen sinpatiaren neurrikoa) izan zen. Hala ere, kazetaritzaren ikuspegitik, Urmenetak Larrañagari egin zion aitortza pertsonala da azpimarratzekoa: profesionaltasuna, iaiotasuna (kontzeptuen lotura egiterakoan) eta bat-batekotasuna goraipatu zion. Ez da ohikoa elkarrizketatuak losintxekin erantzutea. Baina egia da galdetegia ondo prestatzen duten kazetariez gain, hitz jario txukunekoak daudela Euskadi Irratian.
Bihotzeko fonoteka. Aparteko xarma eduki ohi du Arratsaldekoa saioaren formatuak udan. Gonbidatuei hamar kanta besapean etortzeko eskatzen diete Nekane Peñagarikanok eta Arantxa Iturbek. Hortik aurrera, jakin-minik handiena aukeraketa justifikatzeko gonbidatuek darabilten kontakizunek piztu ohi dute. Esaterako, Iker Galartzak Erase una vez el circo nahiz Markel Olanok Juanita Banana azaldu beharrak badu grazia.
Errealitatearen isla? Hona Boulevard saioko elkarrizketa luzeari dagokion inbentarioa, azken hilabetean: Eusko Jaurlaritza (1), PSE (5), EAJ (5), Aralar (2), PP (1), EB (1), epailea (1), Arartekoa (1), Nafarroako Gobernua (2), Kataluniako Gobernua (1) ELA (1) eta Confebask (1).
Carlos Carnicero. Estatuko kazetaritzako stablishment-aren miseriak haizatzen dabil egunotan. Ser katetik kaleratu egin dute, hamazazpi urtez Hora 25-n tertuliakide ezagunenetakoa izan ostean; Carlos Llamas zenarekin lehenbizi, Angeles Barcelorekin azkenaldian. Kanporatzearen atzean Rubalcaba dagoela adierazi du Carnicerok. Egia esan, ahotsik ezkertiarrena izan da Ser katean azken urteetan, Zapateroren eskuineko neurriak egurtzera ausartu den bakanetakoa, karlista federalista izan zeneko haizeek jota-edo. Carnicero ez da isilik egotekoa, eta bidean Ignacio Escolar Público-ko zutabegile eta REko tertulianoa ere ari da egurtzen (besteak beste, esanez bere neska-laguna RTVEn entxufatuta dagoela). Carniceroren mihitik tiraka, atal berriak etor dakizkiguke: gobernuak eta Prisak ezkutuan mugi ohi dituzten hariak, Ser katean kaleratzekoak omen diren beste tertulianoak, RTVEn kontratu politika sektarioa...
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Losintxa justifikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu