Lovecraft

santi leone
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Dotoreago gelditze aldera, beharbada erran beharko nuke Michel Houellebecq-ek eskaini zion biografia ttikiari esker ezagutu nuela, baina gezurra litzateke. Iron Maiden taldearen disko batek eman zidan haren lehendabiziko berria, zuzenean grabaturiko disko bikoitz batek hain juxtu ere. Azaleko marrazkian, zonbi bat bere hilobitik ateratzen; hilarrian, poesia lerro batzuk eta sinadura bat: H. P. Lovecraft.

Geroxeago liburuak ailegatu ziren. Lehenik, gaztelaniaz, Alianza argitaletxeak egindako edizioetan, eta ondoren, ingelesez, Penguinen eskutik.

Ipuinak idatzi zituen batez ere, eta nobela laburrak, eta bertan mundu berezia sortu zuen, izuaren eta zientzia-fikzioaren arteko mugan. Haren liburuetan badira espaziotik heldu diren formarik gabeko izaki beldurgarriak, huts egindako esperimentu izugarriak eta lur azpian bizi diren antzinako zibilizazio ilunak. Euskal literaturan neketan aurkituko ditugun gauzak, alegia, literatura fantastikoa ez baita gehiegi egiten gure artean.

Edonola ere, orain badugu aukera Lovecraft euskaraz irakurtzeko, haren nobela bat argitaratu baitute berriki Literatura Unibertsala sailean, Ainara Ruiz Benitok euskaratua. Eromenaren mendietan. Nik, akaso, bertze bat hobetsiko nuen, Charles Dexter Warden kasua, adibidez, baina tira, hori gustu kontua da.

Durangoko liburu berri guziekin batera iritsi zaigu itzulpen hau, baina egile ezezagun samar baten lana izanik, genero baztertuxe batekoa, bada, pena litzateke behar duen arreta guzia lortuko ez balu. Nik, behinik behin, badut zer irakurria Eguberri hauetan.

Eta itzultzaileari, esker mila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.