Forma guztietan topa daiteke artea, edo arterako aukera. Artea ez da soilik museoetan edo kalean kokatzen dituzten artelanak. Horixe da, behintzat, Bilboko metroari buruzko argazki batzuek erakusten dutena. Trenbide eta geltokietako edozein txoko edo xehetasun artelan bilakatu ditu Iñaki Fernandezek, Teio, bere argazkietan. Bilboko Alde Zaharreko geltokian jarri duten Fotometro erakusketan ikus daitezke imajinok, Begoñarako irteerako tunelean.
Fernandezen karrera bukaerako egitasmoa da erakusketa. Bilbotarrak metroaren indar estetikoa zehaztu nahi izan du argazkiotan. Hiru ataletan banatu ditu. Lehenean, ezinezko arkitektura formak sortu ditu muntaketen bitartez. Bigarrenean xehetasunak erretratatu ditu, bagoien arteko loturak, barandak edo beirateak, adibidez. Hirugarren atalean, berriz, eszenak sortu ditu. Bikote bat dantzan ikus daiteke Abandoko geltokian, super heroi bat hegan dabil aireztagailuen laguntzaz Sarrikon, sokatiralariak tiraka dabiltza Sestaon, umeak soka saltoan dabiltza Abatxolon, Ansio pilotaleku bihurtu da eta Galdakaoko behi bat sartu da San Inazioko tunelean. Guztiak dira benetazkoak, azken argazki horiek ez dira muntaiak. Aste osoan zehar egongo dira ikusgai Bilbon. Ondoren itsasadarraren bi aldeak bisitatuko ditu erakusketak.
METROA ETA GEHIAGO. Fernandez Bilbo Metroko arduradunengana jo zuen argazkiak egiteko baimenak eskatzeko. «Argazkiak zailak ziren eta bidea erraztu genion», jakinarazi dute Bilbo Metrotik. Argazkilariak aukeratu ditu gaiak eta eszenografia, eta urtebete eman du lana bukatzeko. Emaitza «ikusgarria da, uste genuena baino askoz hobea». Horregatik erabaki dute erakusketa denbora luzeagoan mantentzea.
Horrelako jarduerekin, «lur gainean egiten dena lurperatu eta bezeroek goza dezaten saiatuko gara, instalazioak eskaintza kulturalerako baliatuz; are eta gehiago izatea nahi baitugu metroa», azaldu dute. Horixe da abiatuko duten egitasmoaren ideia. Urte osoan, antzerkia, erakusketak edota dantzaldiak antolatuko dituzte. Aurrerantzean ekimenarekin jarraitu nahi dute, «bidaiaz gainera, bezeroei plus bat eskainiz».
Lur
Bilboko metroari egin dizkio argazkiak Iñaki Fernandezek, eta Alde Zaharreko geltokian jarri duten erakusketan ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu