Lurralde urrun eta basatirantz

Zortzi aste eta 6.000 kilometro bizikletan egin eta gero, munduko txoko ederrenetakora iristeko aukera dago: Laponiara, hain zuen ere.

AITOR MENDIGUREN
2007ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zergatik joan Laponiara?» galde lezake baten batek. Gauza da guztia hasperen baino ez zenean urrutiko lur batekin amets egiten nuela, urruna bezain basatia zen eremu batekin. Izan ere, bizi garen Europa burges honetan ia ez da geratzen gune naturalik -benetako baten bat geratzen bada-, eta parkeak bi motatakoak izaten dira, hiri barrukoak eta kanpokoak, azken horiek aurrekoak baino zabalagoak izan arren, parkeak beti parke.

Jendez eta azpiegitura erraldoiz gainezka dagoen herrialde ñimiño batean bizi gara, eta nik oso bestelakoa zen txoko batekin amets egiten nuen, hots, gure adineko kontinente honetan baso berdea eta itsaso urdina ezin zabalagoak izango ziren toki hori ikusten nuen begiak ixtean... geroago jakin izan nuenean horrelakorik bazela, Laponian zehazki, hara joateko erabaki irmoa hartu nuen. Egon bazegoen bigarren arrazoia, lehena bezain erakargarria, Laponia izan baita batez ere bi estatuk inguratzen duten nazioa, kultura eta ezaugarri propioekin, eta bertan bizi direnak harro daude haien herrialdean bizitzeaz... ezagun egiten zaigu?

Udaren hasieran sanferminak jada puri-purian, nire herritik, Mendigurenetik atera nintzen korrika gabe bizikletaz, eta ez oso azkar, soinean neraman zamagatik (kanpadenda, arropa, janaria eta bestelakoak). Eraman behar nuen guztia ikusita, atera baino lehen burutik pasatu zitzaidan bizikletari nekazari baten erremolkea lotzea, baina garai horretan herriko erdi baserritar guztiak uzta lanetan oso sarturik zebiltzanez, aukera hori baztertu behar izan nuen, eta poliki-poliki Lizarra, Iruñea, Auritz, Donibane Garazi atzean utzi nituen, azkenik Euskal Herriari «gero arte» esateko. Behin Frantzian, Landak, pinu lautada ia amaigabea, dunek moteltzen eta itsasoak geldiarazten duena zeharkatu behar; geroago Erdi Aroko herriak, ubideak, ia baserriak ziren etxeak, eta tranpa hiriak, zeinetatik, behin sartuta, haietatik bizikletaz ateratzea kasik ezinezkoa zen autobidez lotuta baitzeuden.

Belgika izan zen udako egun bateko erdi ametsa, egun on bakarra eta gabon bat. Hori izan zen mundu garatuarekiko lehen kontaktua, garatua behintzat garraio alternatiboari dagokionez: bizikleta. Herrialde hartako herritar askok bizikletaren aldeko apustu garbia egin dute, eta bai Belgikan eta bai Herbehereetan, bidegorriek goxoki bat egiten dute ubideekin, eta horrela, izan badira auto petromobilaren alternatiba erreala. Herbehereetan ezer deigarririk badago bizikletazale batentzat, bada, herrialde horietan dagoen bizikleten aniztasuna da deigarria... kasik Amazonian dagoen bioaniztasuna daukate han: bizi(kleta)-dibertsitatea... eskualde horretan txirrindulari marabuntaren erdian ni beste bat nintzen, ezer berezirik ez.

Alemaniako iparraldeak harritu ninduen, inguruan neukanak Arabako Lautadarekin antza handia zeukan, eta, Alavania zirudien. Han gari soroak eta herrixkak, gehiago edo gutxiago txaleteztuta zeuden herriak ez ziren gutxi. Zer edo zer azpimarratzekotan, hango nekazarien adiskidetasuna izango litzateke, haien traktore erraldoietatik agurtzen baininduten. Agian hobe ez jakitea burutik zer pasatzen zitzaien ni bizikletaz ikusita...



LAPONIA GERTUAGO. Danimarkan hegoaldetik iparraldera bidaiatu nuen. Nahiz eta dakidan esperientzia subjektibo eta oso puntualetan oinarritu iritzia den, hango paisaiek eta jendearen harrerak ez ninduten askorik bete... pena da, baina.

Suediatik mendebaldetik ekialdera igaro nintzen Goteborgetik Stockholmera. Tarte horretan gari zelai zabalak, pastel kolorez margotutako etxalde nahiz abeltegiak, eta amaigabeak bezain artifizialak ziren pinudiak ikusi nituen. Azken horiei begiratuta, mozkortuta bezala amaitzeko arriskua zegoen txoko guztiek zeukaten antzekotasuna zorabiatzerainokoa baitzen. Baso horiek maite zituen eta bertan bizi zen erdi-trol batek datu zirraragarria bezain kezkagarria eman zidan. Izan ere, Suedia hegoaldeko basoen %0,2 besterik ez dela hango betiko basoa, gainontzekoa, ia-ia guztia, nolabait esatearren letxuga insignis erraldoiek beteriko txokoak dira. Maiz gertatu ohi den bezala basa-bizitza pil pilean aurki daiteke, benetako naturaz osaturiko irla txiki horietan; kasu horretan bi katamotz bikote bizi dira ehuneko bat baino askoz txikiagoa den natura puska horretan, inguruetako baso artifizialetan ezin baitute aurrera egin.

Eskandinavia eta Finlandiako hiriburua lotzen zuen ferrya bi munduren arteko jauzia eta nire abenturaren amaieraren hasieraizan zen. Gidaliburuen arabera, Helsinki dugu ekialde eta mendebaldearen arteko nahasketa baten emaitza orekatua; nahiz eta nire prestakuntza artistiko eta arkitektonikoa hutsaren hurrengoa izan, horrela zirudien. Helsinki da noizbait berriro bisitatuko dudan hiria, batez ere hiriari eta hango biztanleei darien exotismo eta sinpatiagatik, hurrenez hurren.

Hiri ondoko kanpin batean luze egon barik, Lepoan hartu ta segi aurrera abesteari ekin nion eta iparralderantz jo nuen. Handik gutxira atseginez sufritu nuen Finlandiako lakuekiko lehen kontaktua. Mota eta neurri guztietako lakuak daude han, zein baino zein ederragoa. Bidearen tarte honetan ez nuen jasan behar izan herrialdera lehorreratu bezain laster iragarri zidaten eltxo ekaitza... Eskerrak! Batzuen arabera helikopteroak bezain handiak ziren. Agian, nire zorteak gai horretan zerikusirik zeukan aurten negua aurreratzearekin, eta bost gradu zero azpitik egin zituen goiz batean, eltxo gehienak mundu edo hibernazio hobe batera pasatzearekin. Goiz eltxo-hiltzaile harekin ondo oroitzen naiz, nire udako lozorro barruan lambada moduko bat dantza egin behar izan bainuen zertxobait epeltzeko.

Txakurrek ere beraientzat nahi izango ez zuten eguraldia lagun heldu nintzen Finlandiako iparraldera, eta han betiko maite izango dudan lurraldea ezagutu nuen: Laponia!



LEKU ZORAGARRIA. Euskal Herriarekin komuneko ezaugarriak eduki arren beste zenbaitetan hain bestelakoa den lurraldea. Eredu gisan, autoaren burugabekeriari lotzen gaituzten eta gure herrialdea hormigoiz eta zapaltzen, urratzen eta itotzen duten mundrunezko marra zuzen erraldoiak egon beharrean, Laponian bazeuden zilarrezkoak zirudien, amaigabeko natura sugetxoak bailiran zeharkatzen zuten haritxoak, gehienetan mundrunezkoak baina hainbatetan lurrezkoak. Gainera bazirudien zuhaitzek bazterren ertzetatik salto egin behar zutela bide erdira, bolada batez utzitako tokia berreskuratzeko. Laponian oroitu nintzen aitak hainbatetan kontatutako bera gaztea zeneko pasarteekin; antza txikitan Bilbo eta Gasteiz lotzen zuen errepidearen erdian-gaur egungo autobidean-futbolean aritzen ziren; garai hartan arratsaldea modu atsegin batean emateko aukera eta egun zeure burua beste egiteko beste aukera bat. Hala ere, Laponian bide erdian arriskurik gabe jolasteko beste aukera batzuk bururatu zitzaizkidan: musa, patata korroa edo bestela aspertzeko asmoz edo «klaxona jotzen ez duena ez da pasatuko».

Behin Artikoan, iraungita dagoen edozein ume zintzok bezala, azken egunak eman nituen Bizarzuriren bila opari bat eskatzeko;Pirinioei besarkatuta dagoen eta jada oso heldua den herri honentzat izango zena. Hots, gure etorkizuna guk geuk erabakitzeko ahalmena, horrela etorkizun hori berdez eta gorriz margotu ahal izateko. Ez nuen, baina, Bizarzuri izeneko aitarik aurkitu -baten bat egongo da, nik uste-beraz, Europaren goi adartxora inguruan dagoen uraren hoztasunagatik handiagoa ez den buztantxo horretara heldu nintzenean, nire eskaera mendiari egin nion, Nordkapp izeneko lurmuturrari. Azkenik heldu nintzen nire Meka pertsonalera, eta ezin izan nuen ekidin oroitzea haien etxeetatik urrun egotera behartuta dauden herrikide guztiekin.



ZORTZI ASTE BIZIKLETAN. Guztira izan dira 6.000 km, zortzi aste bizikletaren gainean, estatu batzuk, nazio gehiago eta kultura askoz gehiago, nire sokatira taldekoek, Badaiotzekoek egindako hainbat barre eta apustu eta bidaide bakarra: bizikleta.

Besterik gabe, esperientzia aberasgarria izan da, pribilegio hutsa da bi hilabeteko oporraldia izateahala moduko abenturatxo batean inbertitzeko, zeinetan atera aurretik noizbait gorriak ikusiko dituzula dakizun.

Bidaia honen ondorioz argiago eta finkatuago geratu zait aspaldiko iritzia, alegia, Euskal Herriko jendea ez dela kontinente honetako edo besteetako jendea baino hobea edo okerragoa, baina bai oso ezberdina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.