Asteburuko proposamenak

Lurrama, hazitik mahaira

Miarritze. Bihar hasiko da laborantza herrikoi eta iraunkorraren azoka; Irati aretoan izanen da, bigarrenez

Behiak ez dira hausnartzen ariko diren bakarrak Lurraman; hainbat gogoeta proposatuko dituzte, dela mahai inguruan, dela filmen bidez. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hazitik mahaira doan edota haragi zati baten gibelean dagoen guztia hurbiletik ezagutzeko aukera, eta, bide batez, gogoetatzeko gomita eginen du berriz ere Lurrama azokak. Behiak ez daitezen izan hausnartzen duten bakarrak. Zazpigarren azoka abiatuko du bihar goizean, eta, igande arratsa arte, egitarau oparoa prestatua dute animatzaileek. Izanen da zer begiratu, zer usaindu, zer dastatu, jan, edan eta zer hausnartu, beraz, betiere laborantza herrikoi eta iraunkor baten aldeko ikuspegia ardatz nagusi. «Beharrezkoa da Nekazaritza Politika Bateratuaren [NPB] gizakia eta ingurumena errespetatzen duen politika bati buruz bihurraraztea», Maryse Cachenaut Lurrama elkarteko presidenteak azpimarratu duenez; eta mezu hori zabalduko dute azokak iraungo duen hiru egunetan. 2013an adostuko baitute NPBren erreforma.

Laborantza ministroa gomit

Hausnarketa horren une nagusia bihar bertan izanen da, Stephane le Foll Frantziako laborantza ministroa etortzekoa baita 15:00etan antolatu eztabaidan parte hartzeko. Gaia: Nolako laguntza banaketa, nolako laborantza eta elikadura politika motarentzat? Mahaiaren inguruan, Jose Bove eurodiputatua, Aurelie Trouve ekonomista eta aurtengo Lurramako ugazama eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidentea ukanen ditu, solasa aberasteko.

Ahozko argumentuen ondoan, gauzak konkretuki nola antola daitezkeen zuzenean erakusteko aukera ere izanen da azoka. Usaian bezala, kabalak hurbiletik ikusteko aukera izateaz gain, 3.000tik gora bazkari eta afari proposatuko dituzte, guztiak lekuko mozkinekin eginak. Horien artean, Aveyron eskualdeko berezitasunekin prestatuak izanen dira, Aveyron baita aurtengo lurralde gomitatua. Merkatuan ere, hango mozkinak ezagutzekoa izanen da. Hainbat animazioren artean, tartean filmak ere bai, haurrentzat anitz pentsatuak dituzte, pedagogia lan sakona egin nahi baitute azokakoek. Guztia zutik atxikitzeko beti bezala, hainbat laguntzaile ariko dira lanean.

LURRAMA AZOKA

Non. Miarritzeko Irati aretoan, aireportutik hurbil (Lapurdi).

Noiz. Bihar zabalduko ditu ateak, 10:00etan, eta igande arte iraunen du.

Sartzea. 4 euro. Urririk 15 urte pekoentzat.

Zenbakia. 25.000 bisitari iaz.

Informazioa. www.lurrama.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.