Ezarian

Lurraren errotazioarekin batera jarraituko dute munduko ordulariek

Orain arte indarrean egon den formulari eutsi, eta urtero segundo bat gehitu beharko da 2015 arte

Orduari segundo bat gaineratu beharko zaio ekainean. WIKIMEDIA.
xabier martin
Donostia
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Nork edo zerk erabakitzen du zer ordu den? Zeren arabera erabakitzen da zein ordu den? Greenwich da hitz gakoa erantzun horietan. Greenwichen estandarraren arabera egituratzen da ordua Lurrean. Kontua da ordua Lurraren errotazioarekin batera sinkronizaturik egoteko urtean segundo bat gaineratu behar dela.

Lurraren ardatzaren gaineko errotazioak eta Eguzkiaren ingurukoak finkatu dute Eguzki ordua; orain arte horri jarraitu zaio, eta 2015 arte behintzat hala izango da. Lurrikarek, sumendien erupzioek eta Lurraren abiadura aldaketek, errotazioak egitean, alde txikiak eragiten dituzte, ordea, eta aldiro segundo bat gehitu beharra dago ordua sinkronizaturik edukitzeko.

Telekomunikazioen Nazioarteko Batasuna osatzen duten herrialdeek batzarra egin berri dute Genevan, aldiro gaineratu behar den segundo horren formularekin jarraitu behar ote den argitzeko, Greenwichek aurrerantzean erreferentzia izan behar duen erabakitzeko finean. Ez dira ados jarri Nazio Batuen mende dagoen elkarte horretako kideak. Izan ere, 1955etik ordulari atomikoa bada —lehena Ingalaterran asmatu zuten hain zuzen—, zientifikoki zorrotza dena, hutsik gabea. Kide batzuek alde batera utzi nahi dute ordulari atomikoa oinarri gisa hartu eta segundo bat gaineratzeko formula.

Erabaki hori ez da oraindik hartuko, ordea. Ordulari atomikoak erreferentzia gisa hartuko direnetz 2015ean erabakiko dute; erabakia ordura arte atzeratzea deliberatu dute, herrialde batzuek ez zituztelako «nahikoa argumentu behin betiko erabaki bat hartzeko». 2012ko ekainaren 30ean gaineratuko da hurrena, ordua sinkronizaturik edukitzeko segundoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.