Lurraren Eguna Beran

Lurraren gainean lasterka

Ehun lagun inguruk parte hartuko dute gaur Lizuniagako igoeran. Bihar Lurraren Eguna ospatuko dute Beran, eta herria nekazarien eta eskulangileen erakustoki bihurtuko da

Lizuniagara igotzeko lasterketa eginen dute helduek, eta haurrek —irudian— Beran eginen dute lasterka. GURE TXOKOA.
Iker Tubia.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zapatila egokiak jantzi, eta lasterka abiatzeko eguna dute gaur Beran (Nafarroa). Ehun lagun inguruk Lizuniagako gainerako bidea hartuko dute, korrika. 39. aldia da Gure Txokoa elkarteak Lizuniagako igoera antolatzen duela. Kirola egiteko aukera ez ezik, Lurraren egunaren atarikoa ere bada lasterketa. Korrikalariak herriko frontoitik abiatuko dira, 17:00etan, eta bost kilometroko bidea eginen dute asfalto gainean.

Ez da gaurko lasterketa bakarra izanen, haurrek ere aukera izanen baitute korrika aritzeko. Dena den, horiek ez dira Lizuniagaraino igoko. Herrian barna lasterka egiteko ibilbideak antolatu dituzte, bost mailatan banatuak, adinaren arabera: 5 urtetik beherakoak, 6-7, 8-9, 10-11 eta 12-13.

Lizuniagako igoera 1981ean antolatu zuen lehenbiziko aldiz Gure Txokoak. Atletismo talde bat zegoen orduan, eta lasterketetan parte hartzen zuen. Beraz, beren herrian lasterketa bat antolatzea erabaki zuten. Hasieran igandearekin antolatu ohi zuten, baina, Lurraren Eguna ospatzen hasi zirenean, larunbatean egitea erabaki zuten.

Haurren lasterketa geroago hasi zen: duela hamarkada bat inguru. «Manttale taldearekin batera hasi ginen, haurrak atletismoa egitera bultzatzeko», azaldu du Angel Pombar antolatzaileak. Batik bat herriko eta inguruko jendeak parte hartzen du, Pombarrek esan duenez: «Jendea animatzen da ikustera, eta azkenengo kilometroan jende anitz egoten da ikusten. Herrikoa da, txikia, baina Beran hagitz ezaguna da lasterketa hau».

Lehiaketa bat izan arren, lehia ez da garrantzitsuena. «Lizuniagako igoeraren gauzarik politena zera da: lasterketa bukatzean, sari banaketa egiten dugu, eta gero denak elkartean biltzen gara, eta askaria hartzen dugu».

Lurretik karrikara

Lurraren Eguna bihar ospatuko dute, Altzate auzoan. Beran «egun garrantzitsua» da, Bittori Telletxea antolatzailearen arabera. Jarduera nagusia eskulangileen erakustaldia eta elikagaien azoka da, eta gazta eta sagardo lehiaketa ere eginen dute; aurten, gainera, sariaren kopurua handituta. Bi hutsune nabarmen izanen ditu bestak: herri kirolik ez da izanen, ezta Rosa Maria Errandorenaren erakusketarik. Baina, horren beharrean, ikastolakoek antolatutako erakusketa bat izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.