Aurreko astean NASAk prentsaurreko bat antolatu zuen, «astrobiologiaren alorreko aurkikuntza garrantzitsu bat» aurkezteko. «Bizitza estralurtarraren laginen inguruan» eragina izango zuela ere iragarri zuen agentzia estatubatuarrak. Eta, jakina, misterioz beteriko deialdi horrek batzuen eta besteen irudimena hauspotu zuen.
Baina ez. Felisa Wolfe-Simonek zuzendutako ikerketa bat zen aurkeztu beharrekoa: Kaliforniako Mono lakuan (AEB), bakterio bat aurkitu dute artsenikoan bizitzeko gai dena, eta esan daiteke horrekin batera bizitzaren mugak zabaldu direla, adituen ustez. Baina bizitza estralurtarrari buruz, hitz bat bera ere ez.
GFAJ-1 bakterioa artsenikoan bizi daiteke, eta bere biomelekuletan hartzen du artsenikoa, baita DNAn ere. Fosforoaren lekua hartzen du, hortaz, artsenikoak, orain arte bizitzarentzat pozoi gisa hartu izan denak.
Zientziaren barruko aurkikuntza garrantzitsua izanagatik, desilusioa eragin du zientzialarien komunitate askotan, NASAren iragarpenak beste zantzu batzuk zituelako. Iragarpen handinahi horrek munduaren arreta Wikileaksen aferatik ateratzea zuelako asmoa ere zabaldu da, beste zurrumurru askoren artean. Science aldizkariak ere, Wolfe-Simonen lana plazaratu duen argitalpenak, harpidedunei ohar bat bidali behar izan die. Aldizkariaren esanetan, gaiari buruz egindako «espekulazio okerrak ez dute oinarrian Sciencie-ko adituek ikuskatu eta balioetsi duten ikerketa».
EZARIAN. ZIENTZIA
Lurrekoa zen bizitza estralurtarra
Artsenikoan bizi den bakterio batek bizitzaren mugak malgutu ditu; aurkikuntzari lotuta, bizitza estralurtarrari buruzko zurrumurruak zabaldu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu