Lurrez estalitako itsasontzia

Urpekari jantzia jarrita aritzeaz gain, botak hartuta ere aritzen dira itsas arkeologoak itsasontzien bila lurpean.

Urbietan aurkitutako XV. mendeko itsasontzia, Bilboko Itsas Museoan ikusgai. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Urpean egiten duten lanak ematen die abenturazale itxura hori; aletek eta aire botilek, baina lurrean ere aritzen dira lanean itsas arkeologoak. Ur maila ez da beti berdina izan, eta garai batean ur izandakoak lurra dira egun. Eta alderantzizkoa ere gertatzen da beste batzuetan. Egoerara moldatu behar, eta poetikoa dirudien arren, oso erreala da egiten duten lana: urpean aritzen dira hirien aztarnak ikertzen batzuetan, eta lurpean itsasontziak aztertzen ere bai beste batzuetan. Askotan, orain 1.000 urteko edo 2.000 urteko uraren kokapena ez da gaur egungoa. Urak ere badu bere historia.

Euskal Herrian, esaterako, lurpean aurkitu zuten orain arte topatu den itsasontzi egiturarik zaharrena. Urdaibaiko itsasadarrean, zehazki; Urbietan (Bizkaia). 1998an Oka erreka bideratzeko lanak hasi zituzten, eta makinek ontzi batena zirudien egitura bat azaleratu zuten Okak eta Golako errekak bat egiten duten gunean. Apurtu egin zuen erdiz itsasontzia makinek, baina baita azaleratu ere. 4 metro lur zituen gainean. Arkeologoek ikerketak egin, eta XV. mendeko ontzi bat zela ondorioztatu zuten. Ezin izan zuten zatika atera, eta osorik atera zuten ontzia, blokean.

Ontzien puskak aurkitzea izaten da ohikoena. Anfora zatiak, kanoiak edota bestelako elementu solteak. Urbietan aurkitutakoaren kasua, ordea, berezia da. Nekez heltzen dira gaur egunera Erdi Aroko itsasontzien egiturak. Haien zama baino ez da aurkitzen gehienetan, baina egitura da, hain zuzen ere, Urbietan berreskuratu zutena. Lurpean egoteak babestu zuen. Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai. Osorik eta jendearen bistara. Ez dago Euskal Herrian pareko adibiderik.

Horrek ez du esan nahi Euskal Herrian beste ontzirik ez dagoenik. Getariako badian badira Flandriatik heldutako ontzi baten hondarrak. Donostiako badian ere bada ontzi bat baino gehiagoren aztarnarik, eta Oria ibaiaren ahoan ere bai. XVI. eta XVIII. mendekoak dira haietariko bi. Ezagutzen direnetariko batzuk baino ez dira horiek. Ezagutzen ez direnak ere badaude, ordea. Ezkutuan oraindik; urpean edo lurpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.