Datu zehatzik ez dago, baina matematikak errazak dira kasu honetan. Gehiago dira Ferrari bat gidatu nahi luketenak, Ferrari bat gidatzen dutenak baino. Sosak behar horretarako, eta sosak falta gehien-gehienetan. Baina bada salbuespenik. Luxuzko autoak gidatzeko aukera ematen du emocionday izeneko enpresak. Ez denbora luzez, baina ezta garesti ere. Ehunka pertsona bildu zen horregatik atzo Los Arcosera (Nafarroa). Han izan ziren egun osoz, Nafarroako Zirkuituan, enpresa horren Ferrari, Lamborgini eta beste marka ezagunetako hainbat auto. Haietara igo eta zirkuituari bira batzuk ematera joan zen jendea.
Opari gisa jaso zituzten luxuzko eta abiadura mugarik gabeko ibilaldi horiek atzo Los Arcosen bildutako gidariek. Ehundik gora izan ziren, antolatzaileen hitzetan. Erraza da funtzionamendua: www.emocionday.com webgunearen bidez abenturazko ekintzaren batean parte hartzeko txartel moduko bat erosten da, lehenik, eta nori oparitu nahi zaion zehazten da gero. Oparia jaso duenak aukera du, adibidez, luxuzko auto bat gidatzeko. «Esperientziak dira oparitzen ditugunak», azaldu du Ana Coll enpresako marketin arduradunak. Bost urte daramate horretan, eta lehenengoz ekarri dituzte autoak Nafarroara aurten. «Askoren ametsa da halako auto bat gidatzea, eta beteta egon da, horregatik, Nafarroako Zirkuituko ordutegia».
Bada oparia bere buruari egin dionik ere, baina bestelakoa da erabiltzaileen soslai nagusia. «Gizonak dira, oro har, opari hau jasotzen dutenak, eta beren bikoteak izaten dira, gehienetan, oparia egiten dutenak». Adin guztietako jendea bildu zen, dena dela, Los Arcosera. Gidatzeko baimena atera berri diren gazteak, eta baimena aspaldi atera zutenak.
Errusiar mendiaren pareko
129 eurokoa da egin daitekeen oparirik txikiena, eta prezio horretatik gora doaz gainontzeko guztiak. Zirkuituari nahi adina bira emateko aukera du gidariak, betiere, alboan profesional bat duela. «Oso auto indartsuak dira, normalean gidatu ohi ditugunez bestelakoak», azaldu du Collek.
Norberak aukeratzen du zer auto gidatu nahi duen, eta bada bat baino gehiago gidatzeko aukera ere. Bata zein bestea hautatu, sentsazioa ikaragarria dela dio Collek: «Oso auto indartsuak dira, etaerrusiar mendi batean ibiltzearen parekoa da». Gidaria bideoan ere grabatzen dute ekimenaren antolatzaileek, hala eskatu eta estra bat ordainduz gero. Bi kamera erabiltzen dituzte horretarako. Autoaren ibilbidea grabatzen du batek, eta gidariaren aurpegia besteak.
Ez da atzoko kontua bakarrik izango, halere. Los Arcosera itzultzeko asmoa azaldu du enpresak, baina egunik zehaztu gabe.
Luxuzko abiada oparitarako
Luxuzko autoak gidatzeko aukera izan dute ehundik gora lagunek Nafarroako Los Arcoseko Zirkuituan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu