Magia eskaintza zabala asteburutik aurrera Bilbon

Topaketak egingo dituzte Txurdinagan eta Otxarkoagan hilaren 30era arte, eta hamasei ikuskizun izango dira

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Magiak eta ilusionismoak txoko propioa izango dute aurten ere Bilbon. Izan ere, ostiral honetan hasita, eta datorren maiatzaren 30era arte, Zortzigarren Magia Topaketak egingo baitira Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetan. Jardunaldietan, mundu osoko ilusionistek hartuko dute parte, eta berrikuntza gisa, lehen aldiz, bost magok hitzaldi bat eta zuzeneko erakustaldi bat egingo dituzte. «Magiaren eta musikaren, literaturaren, pinturaren, zinemaren eta artearen beste alor batzuen artean dagoen lotura erakutsiko dute bertan bost ilusionista bizkaitarrek», antolatzaileek azaldu dutenez.

Aurtengo topaketak beste berrikuntzarik ere izango du. Orain arte egin den topaketarik luzeena izango da, esaterako. Era horretan, maiatzeko asteburu guztietan magia proposamenen bat izango da. Denetara, hamasei ikuskizun izango dira barrutiko plazetan eta Otxarkoagako udaltegian. Kopuruz emankizun gehiago egongo dira, beraz. Ondorioz, «leku itxietako ikuskizunen kopuruak ere gora egin du», antolatzaileen esanetan.

Txurdinagako Ilargi Erdiaren Plazan hasiko dira topaketak, euskal mago batekin: Taylor magoa. «Euskadiko magiaren klasiko bat da, eta Bizkaiko mago belaunaldi berri ia osoaren maisu izan da». La magia del humor ikuskizuna emango du, 19:30ean. Horretaz gain, azpimarragarria da Christian Miro argentinarraren parte hartzea. Duela gutxi Espainiako mentalismo sari nazionala lortu du, eta Bilbon Patapúfete! haurrentzako ikuskizuna emango du ostiral honetan, 19:30ean, Txurdinagako Garaiko lorategian. Anahi Bogus ilusionista kataluniarraren, Cesar Bueno mago kantabriarraren eta Euskal Herriko Tor magoaren emankizunak ere azpimarratu dituzte antolatzaileek, besteak beste.

Ikastaro eta tailerrak

Baina magia topaketek elkarri eragiteko aukera ere emango die ikusleei. Izan ere, topaketek irauten duten bitartean, bi ikastaro ere antolatuko dituzte. Alde batetik, Magia Express izeneko ikastaroa emango dute, «magiaren inguruko zertzelada batzuk jasotzeko», eta, bestetik, espezializazio- koa. Ikastaro horiek Taylor magoak eta Tor magoak emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.