Hurrengo astelehenean hasi eta igandera bitartean, magia nonahi izango da Gasteizko kaleetan. Zazpi egunetan Nazioarteako 24. Magialdia jaialdia egingo dute, eta ikuskizun mordoa ikusteko aukera izango da hiriburuko 21 agertokitan. Geltokiak, erakusleihoak, alde zaharra eta, nola ez, antzokiak, agertoki bihurtuko dituzte.
Bederatzi herrialdetako hogeita hamar artisten ikuskizunek osatzen dute Magialdiako kartela. Kartel burua Cie 14:20 konpainia frantsesaren Levitation ikuskizuna da, eta berrikuntza moduan aurkeztu dute. Magia eta kamera moteleko egungo dantzen ikuskizuna da. Larunbatean eskainiko dute emanaldia, 18:00etan, Principal antzokia. Prezioa 12 eta 18 euro bitartekoa da.
Murrizketek eragin nabarmena izan dute jaialdian. Udalak 227.000 eurotik 110.000 eurora jaitsi ditu diru laguntzak. Ondorioz, hainbat ekitaldi kendu behar izan dituzte: erakusleiho batzuetako ikuskizunak eta Magialdia saria, besteak beste. Hala ere, eta horien ordez, taberna eta jatetxeetan gaueko ikuskizunak eskainiko dituzte; eta askotan, baita menu magikoak ere.
Haurrentzako tailerrak ere egingo dituzte. Artium museoan,esaterako, zinema eta magia zikloa eskainiko dute.
Agertoki bereziak tartean
Elkartasuna ez da faltako jaialdi biribilean. Ilusionistak eta bestelako artistak Txagorritxu ospitalera joango dira, gaixorik dauden haurrak animatzera. Ikastoletan ere egingo dituzte emanaldiak.
Gerizpean
Magiaren ordua iritsi da
Datorren astean Magialdia jaialdia egingo dute Gasteizen, eta ikuskizunetako asko doan izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu