Leaburuko Mahala baserrian (Gipuzkoa) 1996an hasi ziren euren produktu propioak lantzen. Behi gaztarekin hasi ziren garai hartan, eta, gaur egun, ia hogei urte geroago, eskaintza zabala eta Euskal Herri osora hedatzen den merkatua ditu. Baserrian bertan libre hazitako behien eta txerrien zaintzarekin hasi eta produktua merkaturatu arteko prozesu osoa euren esku dago, eta horrek ahalbidetzen du kontsumitzailearengana heltzen diren produktuak naturalak izatea eta «segurtasun eta berme» osoa edukitzea.
Jokin Arrospidek jarri zuen martxan gaur egun Euskal Herriko denda ugaritan aurkitzen diren Mahala esneki eta txerrikien enpresa. Gurasoena zen baserrian lan egiten zuen. «Ni 1988 inguruan hasi nintzen esne behiekin lanean. Baina gurasoak zahartzen ari ziren, eta garai hartako erakundeek egiten zuten presioa zela-eta, Europan sartzearekin batera lehiakorrak izan behar genuela eta asko produzitu behar genuela esaten ziguten, eta zentralizatze eta industrializatze bat izan zen. Eta gu ere, beste gehienak bezala, zentraletara esnea entregatzen hasi ginen, eta azokatan esnea saltzeari utzi genion».
Industria baten eskuetan eta «menpekotasun handiarekin» lan egiten zuten baserrian, baina Arrospideri kezka eragiten zion horrek; hura ez zen hark nahi zuen baserri eredua. «Ikusten nuen egiten ari ginena ez zela oso bide egokia, eta orduan erabaki nuen baserrian bertan elaborazio arloa sortzea». Esnea industria bati saltzeari utzi, eta euren behien esnearekin produktu propioak ekoitzi eta merkaturatzeko jauzia egin zuten.
1996an, behi gazta eta gazta freskoa hasi ziren lantzen, eta hurrengo urtean jogurtak ekoizteari ekin zioten. «Etxekoen artean lan egiten genuen. Gurasoek laguntzen zidaten, eta anaiek ere bai. Baserrian beti horrela lan egin da, hori da baserriak ematen dituen balioetako bat». Gaur egun, hogei lagun aritzen dira lanean Mahalan, eta horietako asko etxekoak dira.
«Betebeharra»
Arrospidek berak sinisten zuen baserri eredua eraikitzeko urratsa egin zuen 1990eko hamarkadan. «Nik bete-betean sinisten nuen horretan. Niretzat, hori egitea komeni zen, baina baita baserritarron obligazio edo betebeharra ere; alegia, gauzak duintasunez egitea eta kalitatezko produktuak egitea, ahalik eta modu naturalenean».
Gaur egun duen zabalpenik gabe, merkaturatzea gutxika-gutxika egin zuten. Hasieran argi zuten zein zen bidea. «Saltzen dena elaboratzen genuen, eskariaren arabera ekoizten genuen». Ekoizpena behar bezala egiteko, segurtasun eta higiene neurri guztiak betez ekoizteko, inbertsioa egin zuten Mahala baserrian, eta, apurka-apurka, Euskal Herri osoan zabaltzea eta euren izena ezagutaraztea lortu zuten. «Gaztak autoan sartu, eta hainbat tokitan atea jotzen hasi ginen, gure produktuak eskaintzen».Behi gazta «bigarren mailako» produktua zela entzuten zuen maiz Arrospidek, baina behi gaztaren merkatua eta kontsumoa handituz joan da urteotan. «Argi dago ez dela bigarren mailako produktu bat. Behi esnearekin egindako gazta, zaporez, suabeagoa da, eta bere fermentazio prozesuarengatik, kalte gutxiago egiten duena eta digestio errazagokoa ere bada. Medikuek ere aholkatzen dute behi gaztaren kontsumoa».
Behi esnearekin egindako gazta eta landutako beste esnekiak izan ziren Mahalaren eskaintza nagusia 2003. urtera bitartean. Baina urte horretan hainbat berrikuntza egin zituzten baserrian: jogurtak beste modu batera merkaturatu (lauko paketeetan) eta txerri haragia manipulatu eta lantzeko aukera ematen zuten azpiegiturak ipini zituzten martxan. «Ohartu ginen produktu horiek merkaturatzeko ez zela dirutza handia mugitu behar, eta gure filosofiarekin bat egiten zuen lan mota bat zela, eta beste jauzi bat eman genuen», azaldu du Arrospidek.
Izan ere, Mahala baserrian mendiko txerriak hazten dituzte. «Txerriak aske eta mendian hazten dira. Asko ibiltzen dira, eta jan ere natural egiten dute. Eta horrek eragina du mahaira iristen den produktuan». Txerriaren haragia freskoan eta landuta, bietara merkaturatzen dute, «betiere modu naturalean landuta».
Hain zuzen ere, txerrikiak dira Mahalak merkaturatzen duen produktu sortako ekoizkinetako bat. Izan ere, esnekiek eta —baserrian aske hazitako— mendiko txerriaren haragiarekin landutako produktuek osatzen dute Mahalaren eskaintza hau: behi gazta samurra (550 g), jogurt marrubiduna (275 g), frutazko jogurt irabiatua (750 g), jogurt naturala (125 g x 4), jogurt limoiduna (125 g x4), arroz esnea (125 g x 4), frutazko probigur likido arina (20 zl), sagar dultzea (350 g), paleta ondua (125 g), txistorra (300 g), txorizo lehorra (300 g) eta hirugihar ondua (125 g).
ESKAINTZAREN DATUAK
Ekoizlea. Mahala.
Helbidea.www.mahalanaturala.com.
Telefono zenbakia.(0034) 943-67 07 24.
Eskaintza. Apirilaren 1era arte.
Salneurria. 25 euro.
Produktua erosteko.
www.euskalherrikoplaza.com.
Mahala: baserriko naturalena zuzen-zuzenean etxeko mahaira
Baserrian bertan hazitako behien esnearekin eta txerriekin ekoitzitakoak merkaturatzen dituzte.Prozesua hasi eta buka euren esku dago, horrek eskaintzen duen «bermearekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu