Maratila

Maiestatikoa

santi leone
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Plural maiestatikoak uste baino erabilera gehixeago du. Manera normalenean, plural hori «gu» erabiltzea da «ni» adierazi nahi dugun tokian, Lebowsky Handia filmean Dudek Lebowsky jaunari oroitarazi zion bezala: «We? I mean me, man. The royal we, the editorial we».

Bertze batzuetan, berriz, «gu» erraten duenak «zuek» erran nahi du. Espainiako erregeak, kasu, horrela erabiltzen du frankotan plural maiestatikoa. Bistan da «krisi garai honetan, denok sakrifizio handiak egin beharko ditugu» erraten duelarik, «dituzue» dela benetan esaldi horri dagokion aditza.

Maiz, «gu» horrek guti batzuei egiten die erreferentzia, baina zabaldu egiten du hizlariak, «gu eta zuek guziak» harrapatzeraino. Errua hedatu eta arintzeko modu bat da, zenbaiten bekatuak gizakion izaeran erroturiko joera bihurtzeko manera bat. Adibideak ez dira eskas: «Gure baliabideen gainetik bizi izan gara hondar urteetan, guziok BMW bana etxe parean genuela eta oporretan Karibera joaten ginela». Edo: «Merkatuak ez dira gaiztoak; modu arrazionalean etekinak biderkatzen saiatzen dira, guziok eginen genukeen bezala».

Erabilera berezienean, «gu» maiestatikoak «beharbada, baten bat» erran nahi du. Konparaziorako, Roberto Jimenez PSNko ordezkariaren adierazpenak Público egunkarian: «Guk, Alderdi Sozialistan, ez dugu zertan lotsatu». Barne orrialdeetan hauxe gaineratu du, PSOEren barneko eztabaidaz: «Pertsonen inguruko debateak prostituitu egiten du ideien inguruko debatea».

Eta guri egokia iduritu zaigu Roberto Jimenez, prostituitu eta ideiak esaldi berean suertatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.