Mari Luz Esteban. EHUko irakaslea

«Maila batean, behartu behar dugu giro bat, euskaraz eginez, edo feminista izanez»

Feminismoak azken urteotan egin duen aurrerakuntza teorikoak euskalgintzarako ere balio dezakeela azalduko du gaur, Iruñean, Mari Luz Esteban mediku eta antropologiako doktoreak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959). Medikuntzako lizentziaduna eta Gizarte Antropologiako doktorea da. EHUn irakasle dabil. Feminismoa, euskaragintzarako tresna? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Zabaldin, Iruñean (Nabarreria kalea, 25).

Euskaltzaleek jabekuntza eta autodefentsa ikastaroak jaso beharko lituzkete, feministek aspaldi egiten duten bezala?

Jabetza eskolen ideologia askoz orokorragoa da, kontzeptu bat. Noraino den aplikagarria? Moldatu egin beharko da. Orain arte, manifestazioak, jardunaldiak eta halakoak egin ditugu, kontzientzia-eta lortzeko. Orain, testuingurua erabat aldatu da, eta aldatu behar ditugu kontzeptuak eta jarduerak. Aldeak alde, horrela egin beharko genuke euskalgintzan ere, eta esango nuke euskararen munduko adituek ere antzematen dutela aldatzeko beharra. Nirea proposamen bat besterik ez da, elkarrengandik ikasteko.

Euskaltzaleak feministak baino atzerago ikusten dituzu?

Feministek aldaketa nabarmenagoak egin dituzte teoria eta kontzeptugintza aldetik. Euskara euskal identitatearen erdigunean dago, eta horrek onurak eta arazoak dakartza teorian aritzeko. Feminismoan lasaiago gabiltza bide berriak jorratzen. Ausartagoak izan gara agian, eta iruditzen zait urrutiago joan garela.

Euskalgintzan ere «gorputzari eta emozioei jarraitzea» proposatzen duzu. Nola egin hori?

Feminismoan ere ez dago argi nola egin. Nik feminismoan gorputz politikoaren inguruan egin dut hausnarketa. Nola lotu hori euskalgintzarekin? Oso ariketa emozional eta fisikoak egiten ditugu euskalgintzan: Korrika, Ibilaldia... Orduan, zergatik ez atera ariketa horretatik gako berriak teoriarako? Ez naiz ni lehena horretan pentsatzen, jakina, baina feminismotik pausotxo bat gehiago eman dezakegula proposatzen dut. Pirritx eta Porrotx pailazoak ari dira egiten: dantza eta jolasen bidez euskararen aldeko kontzientziazioa sortzen. Baina hori ez dugu egiten gorputzaren edo emozioen teoria batetik, oso ikuspegi esentzialista baitaukagu. Egiten ari gara, baina intuitiboki. Egin dezagun gogoeta beste maila batean, hortik jarduera gehiago ateratzeko, akaso politikarako ere. Oraindik asko erabiltzen ditugu Txepetxen teoriak, eta horretan gorputza ez dago inon.

Feministen aurrerakuntza politiko orok kontrako erreakzio gogor bat sortu ohi dute hasieran, eta gero, onarpena. Dinamika bera ikusten duzu, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko harturiko neurrien aurkako erreakzio bortitzean?

Ez da posible zalaparta ez egotea, erdaldunentzako aldibereko itzulpena jarriko badute ere. Feminismora eramanda ere, horrela jokatzearen alde izango nintzateke. Maila batean, behartu behar dugu giro bat, euskaraz eginez, edo feminista izanez, eta horrek sortzen ditu arazoak. Gipuzkoaz harago, baita feminismoan ere, iruditzen zait neurriak proposatu behar direla eta, aldi berean, giroa prestatu horretarako. Euskal Herriko Unibertsitateko gobernu kontseiluan nago, eta, han, askotan eztabaidatu dugu horren inguruan: batzuetan, neurria nahi duzun baino txikiagoa izan daiteke, giroa hobeto prestatzeko hurrengo neurrirako. Hori egiteko testuingurua alde izan behar duzu, eta, zalantzarik gabe, Gipuzkoan, aldeko testuingurua egon badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.