Jaiak. Errenteriako madalenak

Maila handiko festetarako prest

Alaberga danborradako kideek jaurtitako txupinarekin hasiko dira gaur Errenteriako festak, 19:00etan

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Dena prest dute Errenterian (Gipuzkoa) Madalen jaiak hasteko. Alabergako danborrada omenduko du Udalak aurten, haren 50. urteurrenaren harira, eta bertako lau kidek jaurtiko dute txupina, gaur, 19:00etan. Zumardian jarri duten pantaila erraldoiaren bidez ikusi ahal izango da ekitaldia. Maite Hernandez, urteetan danborradaren antolatzaile izandakoa; Mila Urrutia, haur danborradaren zuzendaria; Josetxo Ule, danborradaren zuzendari ohia, eta Mitxel Blanco Txuri egungo zuzendaria izango dira txupinazoa botako dutenak. Jaiak eztanda egingo du, eta herritarrek eta elkarteek osatutako jai batzordeak egitarau oparoa prestatu du datozen bost egunetarako.

Madalen bezpera da gaur, eta jaiak hasteko, goizean goiz galeperrari tiro saioa antolatu du San Huberto elkarteak, Irisa Harrobian. Eguerdian, senidetasun bazkaria izango da Kabia Espazio Kreaktiboan, eta, amaieran, flashmob bat egingo dute. Txupinazoaren ostean, Errenteriako Musika Kultur Elkartea eta Udal Txistulari taldea ermitatik atera, eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira buruhandi eta erraldoiekin batera. Gaua egun bihurtuko zaio zenbaiti, 00:00etatik 06:00etara kaleetan barrena diskoteka mugikorrarekin dantzatuz.

Ez dago atsedenerako tarterik; Lagunak txarangak diana joko du eguzkia ateratzerako. Horrelaxe abiatuko da aurtengo Madalen eguna, bihar. Haurrek ere izango dute nola gozatu. Haur jolasak eta jolas parkea izango dira Agirre Lehendakariaren plazan eta Gernika plazan, hurrenez hurren. Gorputza astintzen ikasteko, berriz, funk eta hip hop eskolak antolatu ditu Showtimek, Koldo Mitxelena plazan. 12:00etan amaituko da haurren txanda, erraldoi eta buruhandien konpartsen irteerarekin.

Gau eta egun festa giroan

Ekintzaz beterik etorriko da arratsaldea ere: arrantza txapelketa, bikote itsuen arteko dardo txapelketa, Welcome Las Vegas desfilea, film laburren emanaldia, Lagunak txaranga, Amulleta danborren kofradia, flamenko jaialdia, kaleko arte erakusketa, Trovahavana talde kubatarra, Ecos de Extremadura abesbatza, eta abar eta abar. Kontzertu sorta etengabe bat ere antolatu du Txosna Batzordeak, 17:30ean hasi eta03:00ak arte. Herriko hainbat txoko eta bazterretan ariko dira Wah Wah Buga Band, Zo-zongo, Judas, Toil, Hip Hop euskaraz, In Vino Veritas, Kakahuete, Los Anonimos eta Correos taldeak.

Gaueko kontzertuen artean daude DJ Bull, DJs Dantza Festa, Tsunami, DJ 2 Ttor eta Yogurina Borova Shou. Berandu arte iraungo du musikak, baina errenteriarrek indarrak gorde beharko dituzte, asteazken arte festan jarraitu nahi badute, behintzat. Horretarako aukera handia izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.