Bere urtebetetze egunean festa berezi bat antolatu nahi du protagonistak, eta kalean gonbidapenak banatzen arituko da. Espero ez duen opari bat jasoko du, ordea: ezagutzen ez duen semea, gurditxo baten barruan. Hasierako harriduraren ostean, aita-semeen arteko harremana denborarekin nola garatzen den ikusiko da, maitasuna sortzen den arte. Horixe da Amor Ciego antzezlanean aurkezten den argumentua.
Pertsonaia nagusia emaztea galdu duen itsu bat da. Ezusteko oparia iristen zaionean, desagerturiko emaztearen bila hasiko da, semea gurdi ikusgarri batean eramaten duen bitartean. Bidaia horretan, aitak semearekin maitasun istorio bat jorratuko du, eta, aldi berean, emaztearen irudi lausoak erakutsiko ditu, oroitzapenak.
Ikuslea ere, protagonistaren azalean sartu, eta haren emaztea oroitzapenei esker ezagutzera iritsiko da — lehen musua, ezkontza eguna eta desagertze eguna erakusten dira—. Protagonistaren eta ikuslearen artean joko polit bat sortuko da hortik aurrera. Ikusleak, ematen zaizkion datuekin, emakumearen profil bat egingo du; ikusleak ere itsuaren rola egiten du, beraz.
Testurik gabeko antzezlan honetan, gertutasuna, komikotasuna eta kale antzerkia uztartzen dute Teatro Mutante eta Salitre Teatro taldeek.
ANTZERKIA
Noiz. Gaur, 13:00etan.
Non. Algortako Geltokiko plazan (Algorta, Bizkaia).
Maitea, non zara?
Kaleko antzerkia, umorea eta sentimendua nahasten dituen lana da Teatro Salitrerena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu