Baionako bestak

Makilak, hostoak bezain gora

Baxenabarreko dantzariek zuhaitzetako hostoak bezain gora igorri dituzte makilak, eta ostiraleko Karrikaldiko giroa piztuDantzazpi eta Baionan Kantuz-ekin izan ziren Karrikaldiko une beroak, urtero bezala

Dantzazpik herritarren parte hartze aktiboa sustatzen du Karrikaldian, baita ikastolen ekimenaren arrakasta bermatzen ere. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Euskal kulturak eta euskarak toki nabarmenik baldin badute Baionako bestetan, Karrikaldian dute. Atzo, Baxenabarreko gaztetxoek ireki zuten egitaraua. Kalejira gisara heldu ziren oholtzara gaztetxoak. Soineko gorrietan gerriak lerden eta kapelak xingola zuri-berde-gorriz apaindurik. Trebezia, segurtasuna, erritmoa eta ausardia uztartzen dira makil dantzan, eta zertarako gai diren erakustera joan ziren Lapurdiko hiriburura.

Goizeko hamarretan abiatu ziren Donibane Garazi, Donazaharre, Baigorri, Arrosa eta Anauzetik, eta bidean Itsasuko eta Kanboko dantzariak hartu zituzten. Gazte-gazteak, baina dantzari handien segurtasuna bereganatuz oholtzaratu ziren. Lehen dantzan erakutsi zuten zertarako gai diren. Eskumuturrak, zangoak, lepoa eta gerria makila dantzatzeko bitarteko bihurtu ziren, dantzaren urratsek txirula eta atabalaren erritmoa galdu gabe. Eta makilak zuhaitzetako hostoak bezain gora igorri zituzten, erortzean eskumuturra bihurtu eta trebeziaz biltzeko, lurra jo gabe. Ikusleek esku zarta ozenezhartu zuten behin eta berriz gazteen trebezia.

Ikasle gazteak lehenik eta ondoren irakasleak. Albert eta Alain Gaztanbide anaiek zuzentzen dituzte Anauze eta Itsasuko eskolak. Eta, ikasleen zein ikusleen gozagarri, beren maisutasuna erakutsi zuten. Tartean, gaztetxoen txapelketari presioa kendu zion horrek. Eta kantuak ere txapelketaren hesi zorrotzegiak nolabait ahazteko parada eman zien gaztetxoei. Urepeleko Sendereniako alabek a cappella kantatu zuten jendearen parean. Aire ahizpen ahots sendoa balute bezala, kantari gazteek Markesaren alaba, Lau teilatu eta bertze hainbat abesti kantatu zituzten, ikusleen pozgarri.

Urratsez urrats

Urratsez urrats doa Karrikaldia eta dantzari gazteen ikuskizunaren ondotik, mutxikoak dantzatzeko parada ukan zuten bertan bildutakoek. Dantzaren atxikimendua gero eta handiagoa da Ipar Euskal Herrian eta gero eta gehiago dira mutxikoen urratsak, arin-arina zein fandangoa ikasten dutenak herrietako elkarteetan. Eta ikasi duten hori harrotasunez eta lotsarik gabe erakusteko plaza ezin hobea da Baiona.

Soinua, txirula, arrabita, atabala. Mutxikoen lehen notak entzun orduko ehunka pertsona jarri ziren dantzan borobilean. Batzuek belarria zorrotz, bozgorailuetatik iragartzen ziren urratzen agindua ez galtzeko. Bertze anitz, ordea, ahotsa ahantzi eta musikaren erritmoari jarraikiz, irriz ezpainetan.

Mutxikoen ondoren arin-arinak, fandangoak. Lotsati izan bazen ere, eguzkiaren leinuruek plaza bete zuten, jauziekin batera izerdi tantak eraginez. Beharrik ikastoletako gurasoak hor zeudela, ostatuan edari freskoa zerbitzatuz eta taloak prestatzen. Larrain dantzak inguruan beha zeuden gehienak dantzan ezarri zituen. Eta ohi bezala zapiak gora altxatu ziren, Baionan kantuzen eskutik. «Mila mukanes gorri», dio jotak, eta bertze hainbertze zabal altxatu ziren, kantuari ekiteko. Batzuk kantutegia eskuan, bertze batzuk basoak, eztarriaren goria lasaitzeko. Eta oholtzako kantaldia bareturik, Karrikaldiko giroa ez zen hoztu gaueko hamaikak arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.