Makinetatik gorputzera

Industrialdeetan bildutako paletak jaso, iltzeak kendu, zura tratatu eta altzari bihurtzen dituzte Jesus Rivasek eta Idurre Ugaldek. 'Paleike' izena jarri diote egitasmoari.

Jesus Rivas, Paleike egitasmoaren bultzatzaileetariko bat, industrialdeetan bildutako paletekin altzariak egiten. PALEIKE.
Inigo Astiz
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Industriarako sortzen dituzte, ez etxeetarako. Pisuzko gauzak garraiatzeko erabiltzen dira paletak, baina bestelako erabilera bat ematen diete orain Jesus Rivasek eta Idurre Ugaldek. Altzariak egiten dituzte zur horrekin. Industrialdeetan jadanik erabiltzen ez dituzten paletak bildu, iltzeak kendu, materiala sailkatu, garbitu, lixatu eta egurra prestatuta sortzen dituzte aulki eta mahaiak. Paleike deitu dute egitasmoa. Birziklapena da haien lanaren oinarria. Zeregin batekin sortutako zerbaiti, beste zeregin bat ematea. Garraio tresnentzako baliatzen den zur latz hori, giza azalarentzat leuntzea. «Orain zerbait organikoa dira. Industriatik etxera egin dute bidaia. Makinatik, gorputzera».

Asko du lanak abileziatik, baina gaizki-ulertu bat da egitasmoaren abiapuntua, Rivasek azaldu duenez. Beti izan da oso eskulan zalea, eta hilabete batzuk zeramatzan langabezian. Industrialdeetako paletak bildu, eta haiekin altzariak egiten hasizen, denbora-pasa. Eskutik joan ziren gero errorea eta zoria. Irribarre egiten du Rivasek. «Donostiako Kristina Enea fundazioaren enkargu bat jaso genuen. Gaztetxoentzat birziklatutako materialekin egindako hainbat gauza nahi zituzten. Paletez egindako altzariak egin genizkien guk. Gaizki-ulertu bat izan zen. Gaztetxoei birziklatutako materialekin zer egin zitekeen erakusteko hainbat gauza nahi zituzten. Adibide moduko batzuk. Guk, ordea, gaztetxoek birziklatutako materialarekin lan egin ahal izateko altzariak behar zituztela ulertu genien. Han azaldu ginen gure aulki eta mahaiekin! Zortea izan genuen, eta asko gustatu zitzaien egin genuena».

Hutsaren arrakasta ikusita, serioago hartu zuten egitasmoa Ugaldek eta Rivasek, eta hainbat enkargu jaso dituzte geroztik. Haiek egin dituzte, esaterako, Donostian ireki berri duten KaXilda liburu dendako apalategiak. Zaborretara bidean izaten diren paletak erabiltzen dituzte beti lanerako, eta produktu ekologikoak soilik erabiltzen dituzte zura goxatu eta tratatzeko. Rivasek dioenez, palet guztiak, ordea, ez dira palet bera, eta aldeak izaten dira klase batekoetatik besteetakoetara. Europalet izenekoak, adibidez, ez dituzte erabiltzen. Produktu toxikoak erabiltzen omen dituzte .«Beti aukeratzen ditugu gehiegi tratatuta ez dagoen zura duten paletak. Kontuz aritzen gara. Haietako bakoitzak zer produktu duen jakiteko informazioa biltzen dugu lehenik, ezinbestean».

Materialaren memoria

Gaztea izaten da paletetan erabiltzen den zura. «Zuhaitza moztu, eta bi hilabete baino lehen heltzen dira industrialdeetara». Altzariak egiteko erabiltzen diren materialak baino bihurriagoak dira horregatik. Baina ez da arazo handia; diseinuarekin konpontzen dute materialaren ezaugarri hori. «Paletaren itxura kontuan hartzen dugu orduan ere», azaldu du Rivasek. «Orain, beste zerbait dira, baina iragana beren memorian gordea dute, eta diseinuan mantendu egiten dugu iragan horrekiko erreferentziaren bat». Hor daude iltzeen zulo, forma eta egiturak. 60 bat euroan saltzen dituzte aulkiak; 400 bat euroan mahaiak.

Etorkizunaz galdetu, eta orainaz mintzo da Rivas. «Langabezian jarraitzen dut, oraindik. Paleten kontuarekin enpresa bat sortzea agian ez da hain aukera txarra. Ikusiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.