Ezarian. Zientzia

Malaria, esklaboen ontzietan

'Plasmodium falciparum', urtero 500 milioi laguni malaria kutsatzen dien parasitoa, esklaboen ontzietan eraman zuten Afrikatik Hego Amerikara, XVI. eta XIX. mendeen artean. Parasitoaren askotariko laginen DNA azterketen bidez ondorioztatu du ikerlari talde batek hori, eta PNAS aldizkarian argitaratu.

Anopheles gambiae eltxo emeak transmititzen du malaria. ND.EDU.
xabier martin
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Munduko gaitz hilgarrienetakoa da, baina ez dago txertorik haren aurka. Esan nahi baita ez dagoela txerto eraginkorrik, dagoenak malariaz kutsatutakoen erdietan baino ez baitu eraginkortasunik, helduengan; umeengan eraginkortasun handixeagoa dauka. Baina malaria endemikoa den eskualdeetan gaitzari aurre egiteko hoberena eltxoetatik babesteko sareak dira oraindik ere; profilaxia, alegia. Eltxo emearen hozkak eragiten baitu gaixotasuna. Hainbat dira, gainera, malaria transmiti dezaketen eltxoak. Arriskutsuena Anopheles gambiae motakoa da, hala ere. Eltxo horrek eragiten ditu urtero gertatzen diren kutsatzeen erdiak. Hark inokulatzen du gehienetan Plasmodium falciparum odoleko parasito mikroskopikoa.

Noiz eta non sortu zen munduko gaitz arriskutsuenetakoa den hori, ordea? Zientzialariak aspaldian eztabaidatzen ari dira auzia, eta berriki Francisco Ayala ikerlariak (Kaliforniako Unibertsitatea) gidatu duen nazioarteko talde batek argia eman dio malariaren historia ilunari. Haien ikerketen arabera, Plasmodium falciparum Afrikakoa da jatorriz, eta esklaboen ontzietan hedatu zen Hego Amerikara, XVI. eta XIX. mendeen artean, esklaboen trafikoa izan zen bitartean. «Batzuek diote malaria milaka urtean egon dela Ameriketan», dio Francisco Ayalak, «baina guk argi eta garbi erakutsi dugu malaria hilgarriak soilik 300 eta 500 urte artean daramala».

Mundu zabaleko 24 eskualdetako laginen DNA azterketek osatu dute Ayalak koordinatutako ikerketaren muina. P. falciparum-ekin kutsatutako 24 odol lagin jaso dituzte Afrikako hainbat eskualdetan, Asiako beste hainbatetan eta Hego Ameriketako beste hainbatetan. Hala, ikerlariek frogatu dute parasitoa bi talde genetiko nagusitan banandurik dagoela Hego Amerikan. Iparraldean, Kolonbiako eskualdekoak bereizten dituzte, batetik; eta hegoaldean, Brasil, Bolivia eta Guyana Frantsesekoak, bestetik. Bi eremuotan dauden P. falciparum parasitoen azterketa genetikoak erakusten du talde bakoitza bere aldetik iritsi zela Ameriketara, esklaboen merkaritzarekin betiere.

Uste baino berriagoa

Zientzialari gehienen artean, orain baino lehen onarturik zegoen malaria eragiten duen parasitoa Afrikakoa dela jatorriz. Afrikatik nola atera zen, ordea? Horrek sorrarazten du eztabaida biziena. Izan ere, duela 6.000 urte hedatu zela dio teoria batek. Nekazaritza sortzearekin batera parasitoa mundu zabalera hedatu zen, teoria horren arabera, eltxoen kopuruak izugarri egin zuelako gora. Beste teoria batek, berriz, duela 60.000 urte kokatzen du P. falciparum Afrikatik kanpo. Kontinentetik joandako aspaldiko Homo sapiens taldeekin bat atera zen gaixotasuna, ildo horren arabera.

Malaria uste baino berriagoa da, baina, Hego Amerikan. Europako kolonizatzaileek eramandakoa ote zen esan izan da inoiz, baina orain Proceedings of the National Academy of Science (PNAS) aldizkarian argitara emandako ikerketak erakutsi du esklaboen ontzietan eraman zuela gizakiak parasito hilgarria Afrikatik Hego Amerikara. «P. falciparum-ek askotariko genetika edukitzea eragin du gizakien migrazioak», dio Francisco Ayalak, espezieen garapen genetikoan aditua denak; «migrazioaren garrantziak azal dezake zergatik den parasitoa hain gogorra botikentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.