Tele5-Cuatro bat-egitea (II): Aurkezleak eta saioak

Mami gutxiko kromo trukea

Tele5ko hainbat aurkezle Cuatrora pasatuko dira datozen asteetan. Hala ere, kate bakoitzak bere programa izarrei eutsiko die 2011. urtean.

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Kate bakoitzak neurri handi batean bere nortasunari eutsiko dio, gehiago Tele5k Cuatrok baino. Edonola ere, kate bakoitzaren programazioan ez da iraultza handirik espero datozen asteetarako.

Aurkezle dantzan egongo da aldaketaren ikuspegi bistakoena. Hala, Tele5 katean aritu diren hainbat aurkezle Cuatrora pasatuko dira datozen egunetan. Jesus Vazquez aurkezle galiziarrak ¡Alla tú! lehiaketa aurkeztuko du Cuatron urtarrilaren 10etik aurrera. Lehiaketa hori Tele5n eman zuten bost urtez, ikusle datu txukunekin. «¡Allá tú! asentatzen denean, ziur aski asteroko beste programa bat aurkeztuko dut Cuatron», aurreratu berri du Vazquezek. Datorren urtean Pekin Express ere Vazquezek aurkeztu dezakeela diote hainbat webgunek.

Tania Llasera da Tele5tik Cuatrora pasatuko den beste aurkezletako bat. Fama dantza lehiaketa aurkeztuko du Cuatron, Paula Vazquezen ordez. Ez dago argi Paula Vazquezen beraren etorkizuna, nahiz eta beste urtebeteko kontratua duen Cuatrorekin.

Cuatroko eguerdietan, 12:30etik 14:00etara, Marta Fernandezek La casa de Marta gaurkotasuneko saioa aurkeztuko du. Concha Garcia Campoy kazetariaren lekua hartuko du Fernandezek —garai batean, Cuatron aritu zen—. Campoy lehen unean bi kateetatik kanpo geldituko zela zirudien, eta Antena3en eskaintza bat jaso zuen. Baina azkenean Tele5k goizetarako berreskuratu du. La mirada crítica saioa gidatuko du Campoyk urtarrilaren 10etik aurrera, 08:00etatik 09:00etara. Segidan, Ana Rosa Quintana ariko da orain arte bezala, 09:00etatik 12:30era.

Pilar Rubiok ere Tele5n jarraituko du, eta, urtarrilaren erdialdetik aurrera, Operación Triunfo berriko saioa aurkeztuko du.

Cuatrotik Tele5rako bidea hartuko duen beste kazetari bat Hilario Pino izango da, eguerdiko albistegia aurkezteko. Pablo Motos Tele5ra pasatuko zutela zabaldu zuten han eta hemen, baina oraingoz ez da halakorik gertatuko.

Telesail trukea

Bat-egitearen ondorioz, bi kateek erositako atzerriko telesailei etekin gehiago ateratzeko aukera izango dute. Iragarri dituzten trukeen artean Mentes criminales telesailaren kate aldaketa da; garai batean, Tele5n ematen zuten; azkenaldian, FDFn ari ziren ematen, eta, urtarriletik aurrera, Cuatron ikusi ahalko da. FBIko elite talde baten kasuak dira. NCIS: Los Angeles telesaila ere Cuatron emango dute aurki.

Bihar (III): CNN+ katearen itxiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.