Maratila

Mami Lulu

Aurelia Arkotxa.
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Labriteko herria. Uso lumazko zerua. Hosto-tapizak zangopetan. Kris kras. Gure hirietako parkeetan ja sendi ez daitekeen plazera, makina burrunbadunek irensten baitituzte gure parke eta karriketarik udazkeneko hostoak. Zikintzen balituzte bezala bazterrak. Igandea, Eguberriko merkatua da Labriten. Emazte adineko begi urdinak dio irriz ostatuan zerbitzatzen duten kuia-salda (soupe à la citrouille) biziki ona dela. Bai zinez hala da. Eguzkia eroria balitzaizu bezala platerean. Hauta da salda. Eguberriko merkatuan buztinlurrezko zola lohiztatua dute erauntsiek. Bi akordeoi jole airoski ari, duela hogei eta gehiagoko urteetako kantu frantsesen aireak jotzen eta kantatzen. Postuetan, gasnak, zozizonak, ostrak... Eta «Mami Lulu»-ren erreximentak: « Ene seme-alaba ttipiek naute Mami Lulu izendatzen… eta horregatik dut azkenean onartu 'Lulu' izengoitia… Ez bainuen batere maite gaztetan... Ene izena 'Lucienne' baita, badakizu...». Hori erratean erakusten dit soinean duen taulier aitzinekoan (mandarrean) eskuz markatu duen eslogana: «Je suis Mami Lulu!». Behatzen ditut konfitura-bokalak: 'Confiture à la Pastèque, gelée de pommes… Labritarren gazteluaz deus ez dela gelditzen dio Mami Luluk… Zuzen joan behar dela eta gero Villenaverako norabidea hartuz ezker joanez ikus daitezkeela han Labritarren jatorrizko gazteluaren errestoak. Bidexka. Ariztiak. Pentze zabala. Zurezko eta buztin lurrezko gazteluaren inguruko ur hesiaren ziloa. Euri tantek trenpatzen hasi naute. Belar izpi bustiak. Haize hotza. Hosto ihartuak firuriruka airean badoazenak. Elur malutak iduri. 1494 urtea, Iruñean koronatzen ari dituzte Juan Labrit errege eta Katalina haren emaztea. Soinuak eta kantak. Entremesetan entzuten da kopla hau : «Labrit eta erregue/Ayta semé dirade/Condestable jauna/Ar hizate anaie». Labriten, erauntsia berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.