Mikel Lizarralde. Tagzania enpresako kidea

«Mapa osatzen jarraitzea eta mundu osoko euskarazko deiturak gehitzea dira gure helburuak»

Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Mikel Lizarralde (Eibar, 1980) buru-belarri dabil OpenStreetMap proiektuari laguntzen beste batzuekin batera. Tagzania enpresan ari da lanean, bertan, Interneteko mapekin lan egiten dute, batez ere OSMrekin. EuskalMapa.com ere haien proiektua da, mundu mailako lan hori Euskal Herrian ezagutarazteko asmoarekin.

Noiz sortu zen OpenStreetMap? Zer helbururekin?

OpenStreetMap (OSM) 2004an sortu zuen Steve Coast ingelesak. Proiektu baterako datu geografikoak behar zituen, baina iturri guztiak pribatuak ziren, eta ordaindu ezean ezin zituen erabili. Horregatik, Wikipedia eta horrelako proiektuen lankidetza espirituan oinarrituta, OpenStreetMap jarri zuen abian. Hortik dator «mapen Wikipedia» deitzea.

Helburua kalitatezko datu geografikoak edonoren eskura jartzea da. Enpresa txikientzat eta ikasleentzat traba izugarria da datu geografikoengatik dirutza bat ordaindu behar izatea. OSMk traba horiek kentzen ditu, eta ekintzaileei beste aukera batzuk ematen.

Bestalde, mapa eguneratu eta osatuak eskaintzeko helburua ere badauka, ahal den akatsik gutxienekin. Sarri ikusi izan ditugu Google Maps edota autoko GPSetan akatsak: existitzen ez den euskal autobidea kasu. Bestalde, mapak eguneratzeko ordaindu egin behar izaten da askotan.

Nola funtzionatzen du, nola osatzen dira mapak?

OSMn erregistroa egiten duen edozein pertsonak osa ditzake mapak. Auzolanean, borondatezko lana eginez. Hainbat aukera daude mapak osatzeko. Errazena satelite bidezko aireko irudien bidez egitea da. Irudiotan agertzen diren errepide, kale, etxe eta abarrak kalkatzen ditugu.

Jendeak soldatapean lan egiten al du?

Mapa osatzeko, ez. Kasu oso zehatzetan, baliteke. Baina soldatapekoa soilik balitz, ez luke etorkizunik izango, ez litzateke bideragarria eta iraunkorra izango. Mapa osatzen eta etengabe hobetzen dugunontzat afizioa ere bilakatu da. Horrek bermatzen du mapa osatzen jarraituko dugula. Gure herrian kale bat mozten dutela, bada, OSMn mapa eguneratuko dugu; edota oporretan goazen lekuetan mapa nola dagoen begiratuko dugu, eta hobekuntzak egingo, hurrena hara doazenentzat lagungarri izan dadin.

Esan behar da OSMko datuekin garapenak egiteko orduan, jendea soldatapean ari dela lanean. Enpresa ugari dabiltza horretan, txikiak gehienak. Sakelako telefonoarentzako mapak, garraio publikoko mapak, itsuentzako plastikozko mapak eta abar. Enpresa txiki horiek aurrerapauso interesgarriak egiten ari dira. Gainera, babesa ematen diote OSM proiektuari; besteak beste, OpenStreetMap Fundazioari dirua emanez edota hitzaldiak babestuz.

Euskal Herrian ere ari zarete. Zertan datza zuen lana? Zeintzuk zabiltzate horretan?

Euskal Herrian pixkanaka joan da hedatzen. Lehen erabiltzailea Gari Araolaza lankidea izan zen. Bera joan da gainerakooi mapekiko afizioa kutsatzen. OSMko erabiltzaile euskaldunok EuskalMapa.com-en atzean komunitate txiki baina aktiboa sortu dugu. Gure herrietako kaleak eta leku esanguratsuak mapan jarriz hasi ginen, eta pixkanaka Euskal Herri osoa ari gara mapan jartzen. Gure ekinean toki izenei euskarazko deitura jartzea ere badago, hau da, izen ofizialaz gain, euskarazkoa ere gehitzen diogu (ofiziala Madrid da, baina OSMn nahi beste deitura gehi ditzakegu, euskarazkoa, arabierazkoa, errusierazkoa,eta abar). Eta lan hori EuskalMapa.com webgunean ikus daiteke. Bertan leku izen guztiak euskaraz erakusten dira.

Nola egiten duzu lan: autoan bueltaka, bestelako mapekin...?

Mapa marrazteko ez da beharrezkoa bertara joatea, satelite bidezko aire irudiekin moldatzen gara. Hori bai, kale izenak, errepide mota, trafikoaren norabidea edota bertan dauden tabernak eta negozioak zehazteko, beharrezkoa da bertaratzea. Halakoetan, paper eta boligrafoarekin ere molda gintezke, baita argazkiak aterata ere.

Noraino iritsi nahi duzue? Badaukazue helmuga edo helburu zehatzik?

Helburua munduko mapa osatuena eta eguneratuena izatea da. Inolako kostu barik erabiltzeko prest egongo dena. Wikipediak entziklopedia osatu eta eguneratuena izan nahi duen moduan. Zenbait adituren ustez, 2013an OSMk TeleAtlas eta Navteq-ek (datu geografikoen hornitzaile pribatuak) baino datu gehiago izango ditu.

Jendeak nola lagundu lezake hau hobetzen?

Begira dezala bere auzoanola agertzen den OpenStreetMap.org edota EuskalMapa.com webguneetan. Datuak okerrak badira, anima dadila zuzentzera. Informazio ugari dago sarean OpenStreetMap editatzenikasteko. Ez badu asmatzen zuzenketa hori egiten, jar dadila gurekin harremanetan EuskalMaparen bitartez, eta lagunduko diogu.

Etorkizunera begira zer asmo dituzue?

Etorkizunera begira hiru asmo daude: mapa osatzen jarraitzea (oraindik hutsuneak baitaude Euskal Herrian), mapa eguneratzea aldaketak daudenean eta euskarazko deiturak gehitzea mundu osoko tokiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.