Maratila
Mapak 3
Mapak izatez mugikorrak dira. Gerlei eta politikari lotuak. Konkisten, kolonizatzeen estigmak badakarzkiete. Ikus Afrikako fronteren marra geometrikoak. Gure euskal lurraldeen deskribatze kartografiakoak anitz moldezkoak izan dira iraganean. Egoera historikoen araberakoak. Etxean badut Nafarroako mapa frantses bat, XVII. mendekoa. Description du Royaume de Navarre dio tituluak. Mapa ttipia da, kosmografia-liburu batean zen, ilustratzeko egina. Kolorezko arkatzez norbaitek eskuz apaindua du. Eta lurraldeak hobekiago bereizteko gisan, mugak kolore biziagoetan ezarriak dira. Nafarroako erreinua erdian dugu. Horiz. Gipuzkoa ezkerretik, Aragoi eskuinetik, eremu oso hau berde hitsez. Arrosa biziz frontera. Eta bestaldean «Galia» deitua den Frantziako partea, arrosa hitsez. Gune arrosa horretan Baiona, Donibane Lohizune, Bidaxune, Paue, Oloron. Momentu berezi baten lekuko den mapa. Mapa guziak diren bezala, funtsean. Hemen, Nafarroa Hondarribiraino doa... itsasoraino... Nor da oroit garai hartaz? Mapa. Eta Hondarribiako gazteluaren murruak. Gaur ere, gure eskualdeen itxurak aldatzen ari zaizkigu. Jadanik Euskal Herri proteiformo bati usatzen hasiak gara. Egitura politikoen arabera, lurralde proiektuen arabera aldatzen ari baita geldi gabe Euskal Herria. Begira Euskal Autonomia Erkidegoko mapei : «Meteosat mapa»«Prezipitazio mapa». Ikusten ote dituzu Iruñea edo Baiona hor? Ez. Zergatik ari ote zaigu ahazten, gero eta gehiago, Axularrek Gero-n (1643) marraztu zuen euskararen mapa?: «… anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu