Maratila
Mapak...
Mapa geografiko zaharretan europarrek ezagutzen zituzten lurraldeetarik urrunago kokatzen zen eremu ezezagun hari «Terra incognita» zioten deitzen. Edo «Terra ignota». Xehetasun topografiko eskasekin agertzen zen. Edo erabat zuriz anitzetan. Bidaiariek imajinatzen zuten han zirela bizi Pliniok bere Historia Naturalean aipatzen zituen munstroak eta izaki bitxiak. Erran behar da bizkitartean arrotzendako hain «ezezagun»-ak ziren lurralde horiek, ez zirela batere hala lekukoendako. Pixka bat era berean —apenas dut exajeratzen konparaketa—, «Administrator» deitu bidaiari zibernetikoak badirudi garai hauetan gure lurralde xaharretan kurri dabilela mapak zatikatzeko molde berriak aurkituz. Bidaiari horrek dio «kartografia» sailean «Pays Basque»-ren barnean badirela orain «lurralde berriak» («Les nouveaux territoires au sein même du «Pays Basque»). Administratorrek azaltzen du «Pays Basque» lurralde berria eguzki sartaldetik itsaso Atlantikoak mugatzen duela eta hego-sartaldetik arras kolore hitsez zabaltzen den Terra Incognita batek. «Pays Basque»-ren inguruan xehetasun geografiko urri lurralde deskubritu berrietan ohi den bezala: «Euskadi» blu argiz edo malba kolorez, nola gerta, «Nafarroa» blu pastelez edo hauts kolorez. Administratorrek azaltzen digu, Antikitatean, Erromak egiten zuen moduan, gaur, «Pays Basque» lurralde berria modu berrian eta modulablean zatikatzen dela lurralde planifikazio proiektu ezberdinen arabera. «Pays Basque» lurraldea polimorfoa bilakatzen delarik, neurtze-eskala ezberdinen arabera. Proteo-ren gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu