Nire bizitzako Urtezahar guztiak bezala, aurten ere etxekoekin ospatu nuen. Ezin afari goxoagoa, giro alai eta atsegina, betikoa. Konturatu orduko, iritsi zen urteko azken minutua, eta harekin, nola ez, ditxosozko mahatsen kontua. Uf. Ez bat ez bi, hamabiak irenstea komeni dela entzuten dut urtero. Ohitura zaharra omen. Zaharra? Zera, aurreko mendeko gauza da eta!
Azken urteetan, ezberdina, arraroa edo axolagabe naizela ez entzuteagatik, oso-osorik sartu izan dut ahoan hain gorrotagarriak zaizkidan azal lehorreko bolatxo berde busti dozena. Baina zertarako? Ez didate eta onik egiten, ez mihitik eztarrira pasatzen diren une ezeroso horretan behintzat. Eta bakoitzarekin oparitzen dizuten hazi gogaikarri hori, zer?
Aurten, ohitura zaharrari kale egin nahi izan diot. Halere, arraroa, axolagabe eta abarez izateagatik, hiru mahats hartu nituen, badaezpada. Nire patuari bost axola guztiak ala gutxi batzuk sartu ditudan barrura, azken finean 2009an bizi beharrekoa berdin biziko dut eta.
Urte bat gehiago, bat gutxiago, ohiko hausnarketarekin nenbilen bitartean, dan, amak laugarren mahatsa barrura; dan, aitak eta ahizpak erabat sinkronizatuta sartu zuten bosgarrena; dan, anaiak seigarrenaren zukua kokotsetik behera; dan, iloba txikia erdi itota; dan, beste iloba hamargarren pustarria mihi azpian gordetzen; eta azkenik, dan, gure amona, ia 91 urterekin, mahatsok beste inork baino fundamentu gehiagorekin banan-banan sartu eta irensten. Hari begira, datorren urtean ez hamabi, hogeita lau baizik jango ditudala zin egin nion neure buruari.
MARATILA. Mahatsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu