Toldoak Zarauzko hondartzako paisaiaren parte izan dira urte askoan. Tradizio handia dute Zarautzen: haien jatorria 1880 inguruan kokatzen dute bertakoek. Elisabet II.a erregina herrira etortzen zen garaietako kontuak aipatzen dituzte batzuek. Narrosko jauregian ostatu hartzen omen zuen. Orduan ez zegoen toldorik: etxolak zeuden. Itsasgora zegoenean, jaso egiten zituzten, maldaxketan gora hondartzatik ateraz.
Narrosko jauregia hondartzaren mendebaldean dago, Munoa plazaren alboan. Iazko udara arte, horraino jartzen zituzten toldoak. Guztira, 750. Aurten, ordea, 200 gutxiago daude, eta Narrosko jauregiaren ingurutik hasita zeudenak dira falta direnak, hain zuzen ere. Hori dela eta, «haserre, oso haserre» dago toldorik gabe gelditu den jendea. Hala azaldu du Iñigo Garciak, toldoen arduradunak.
Aldaketaren oinarrian, Espainiako 1988ko Kosten Legea dago. Haren arabera, itsasgora dagoenean, sei metroko harea lehorra egon behar du hondartzan. «Iaz, Donostian, toldoen bi ilara kendu zituzten, eta aurten Zarautzi egokitu zaio txanda», azaldu du Garciak. «Espainiatik dator legea, eta guk horren kontra ezin dugu ezer egin. Orain, udalak egin beharko du bere lana», azaldu du Garciak, kopetilun.
Bi kilometro eta erdi baino gehiagoko luzera du Zarauzko hondartzak, eta, oro har, etxetik gertuen geratzen zaien eremuan ibiltzen dira herritarrak. Horiek horrela, toldoen kontuak Narros inguruan bizi direnei eragiten die gehienbat. Bertakoak protestan ibili dira. Bizilagunen artean bozeramaile lanak egin ditu Josunek: «Hasiera batean, toldoak egongo zirela esan ziguten, eta egun batetik bestera, kontrakoa». Haren ustez, Zarauzko hondartzaren ezaugarriak direla eta, ezinezkoa da legea bere horretan betetzea: «Ez gure aldean, ez eta urrutiago ere: itsaso txarra badago, ura goraino igotzen da».
Zenbait belaunaldik jaiotzetik ezagutu dute toldoa hondartzan. Arantzazuk 49 urte ditu, eta urtebete zuenetik izan dute toldoa etxean. Bada 57 urtez eduki ostean hura gabe gelditu denik ere. Pertsona helduentzat lagungarria gertatzen da toldoa, adibidez, eguzkitik babesteko. Toldoen txokoan hondartzako aulkia gorde dezake nahi duenak, baina datorren urtean ez dakite horretarako aukerarik izango den. Horren beldur dira, adineko jendea ezin baita etxetik haraino joan hondartzan beharrezko dituen trasteekin.
Zenbait kexa gehiago
Bizilagunen arazoa, ordea, toldoen kontuaz harago doa. Izan ere, toldoak kentzea ez da Narros inguruan izan den aldaketa bakarra: «Lehenengo, toldoak kendu zizkiguten; gero, bandera gorriak jartzen hasi ziren, eta, horrekin batera, surflariz betetzen hasi zen», kexu da Josune. Hori dela eta, ezin dira ohi zuten eremuan ibili.
Horrez gain, iaz baino hamar sorosle gutxiago daude hondartzan. Udalak lehiaketa egin zuen, eta Bartzelonako enpresa batek irabazi zuen: «Gastuak murriztu behar zirenez, bandera gorriak jarri zituzten, eta orain sorosle gutxiagorekin moldatu behar». Jaso duten azalpenaren arabera, bandera gorriak jartzea bainua hartzeko eremua mugatzeko beharraren ondorio da.
Kexak ez dira hor amaitzen. Zarautzen betidanik izan dira nudismoa praktikatzen dutenak; haiek non kokatzen diren izaten da auzia. «Narros inguruan bainua hartzen zebiltzan batzuk, eta horrelakorik ez da sekula gertatu hemen», azaldu du erabiltzaileak. Narros ingurua hondartzaren ekialdean dagoen basmortu txikiaren «pareko» bihurtu nahi dutela dio Josunek.
Mareak ez darama haserrea
Tradizio handia dute toldoek Zarauzko hondartzan, baina aurten ez da giro erabiltzaileen artean; denboraldia 200 toldo gutxiagorekin hasi dute, Espainiako Gobernuaren agindu baten ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu