Bilbo jaietarako prest dago. Aste osoan hiria ospakizunetarako txukuntzen aritu ostean, Marijaiari ongietorria emateko zain daude tokiko herritar guztiak, baita kanpotar ugari ere.
Karola eremu berrian, Itsas Museoaren inguruan ezarri duten horretan, datorren astelehenetik aurrera hainbat musika talde hartuko dituen agertoki bat dago zain; baita Abandoibarrakoa eta Plaza Barrikoa ere. Txikigunea ere milaka umeren bisitarako prest dago; aurten, Casilda Iturrizar parkean jarri dute. Konpartsetako kideak, berriz, txosnei azken ukituak ematen zebiltzan atzo, Areatza inguruan.
Txosnen egiturak dagoeneko bukatuta badaude ere, konpartsakide guztiak erlojuaren kontra zebiltzan, hurrengo egunotan «bigarren etxea» izango duten egiturari azken moldaketak ematen. Andoni Alvarez Kaskagorri konpartsako kideak adierazi du erritmo aldaketa nabaria izan dutela aurreko bi urteekin konparatuta. «Aurrekoetan dorrea bakarrik muntatu behar izan genuenez, patxadaz hartu genuen lana. Aurten, ordea, txosna ere egitea igarri egin dugu. Gure erritmoan goaz, pixkanaka-pixkanaka, baina oso ondo». Pozik daude aurten berriro ere dena muntatzeko aukera izateaz, eta horrek motibatu egiten ditu aurrera egiteko.
Bi urteren ostean, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsek txosna jartzeko aukera izan dute berriro ere, eta horrek poztasuna ekarri du inguruko beste guztien artean. Hala adierazi du Natalia Escolar Mekauen konpartsako kideak, «bada-eta garaia guztiak berriro ere toki bat izateko».
Hornidura aldetik ere ez da ezer faltako Areatzan bilduko diren 27 txosnetan: garagardoa, kalimotxoa eta rona, baita sabela betetzeko ohikoak diren solomo eta gazta ogitartekoak ere, besteak beste. Gau eta egun paregabeak igarotzeko behar bestekoa egongo da Bilboko kale kantoi guztietan, baina ez soilik Arriaga inguru horretan, hiriko taberna guztiak festarako prestatu baitira.
Edozelan ere, Ander Frailek, Zuga tabernako beharginak, aitortu du Aste Nagusiko egunak gogorrak izango direla ostalaritza aldetik. «Inoiz ez gaude prest etortzen den jende andana hartzeko, nahiz eta lanbidean denbora asko eraman», gaineratu du. Dena den, arazoak arazo, bertan egotea eta bezeroei «aurre egitea» beste biderik ez dago.
Bilboko Aste Nagusia ondo ezagutzen dutenak ez dira harritzen konpartsek eginiko muntatzeengatik; kanpotik etorritakoek, ostera, bestelako ikuspegia izaten dute. Alfonso Torres valentziarra txundituta geratu da halako muntatzeak ikusirik: «Halako gauzak ikusten ditudan lehenengo aldia da. Telebistan askotan ikusi ditut, baina aurrez aurre ikustea izugarria da». Ordubete baino ez du eman jai eremuan, eta dagoeneko harrituta gelditu da Hontzak konpartsaren txosnan eskegita dauden txorizoekin.
Txupina botatzeko ordua arratsaldeko zazpietan izango da. Bilboko Udalak irina eta arrautzak ez botatzeko eskatuko du, eta, hala, biltzen duten janari hori Elikagai Bankura eramango dute.
Garraio zerbitzu bereziak
Gaur hasi, eta bederatzi egunez, Renfe eta Metro Bilbaok tren zerbitzu bereziak ezarriko dituzte, gau eta egun.
Renfek 650 tren eskainiko ditu gauetarako. Linea hauetan izango dira aldaketak: C-1 (Bilbo-Santurtzi), C-2 (Bilbo-Muskiz) eta C-3 (Bilbo-Urduña). Su festen aitzakian, 21:00etatik 00:00etara, trenak 15 minututik 15 minutura pasatuko dira. Hurrengo orduetan, ordea, 20 eta 30 minututik behin.
Metro Bilbaok bederatzi egunetako 24 orduko tren zerbitzuak eskainiko ditu. Maiztasunak linearen eta ordutegiaren araberakoak izango dira, 2,5 eta 20 minutu artekoak.
Bilboko Aste Nagusia
Marijaia hartzeko prest
Bilbo osoa Aste Nagusiari hasiera emango dion txupinaren zain dago, bederatzi eguneko jai etengabearekin hastekoRenfek eta Metro Bilbaok gaueko zerbitzu bereziak ezarriko dituzte ospakizunetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu