Marijaiak piztuko du Bilbo

Kirmen Uribe pregoilariak eta Patricia Lezama txupinerak emango diote hasiera Aste Nagusiari gaur, 19:00etan, ArriaganBederatzi egun iraungo dute jaiek, eta tarte horretan 300 ekitalditik gora izango dira

Bederatzi egunez parranda eta festa izango da Bilboko txoko guztietan; txikiek ere izango dute Aste Nagusiaz gozatzeko aukera, besteak beste barraketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aste Nagusia hasteko ordu gutxi falta direla, Bilbon nabarmena da jai giroa. Txosnak muntatuta, barrakak ume uholdea jasotzeko prest, Arriaga Marijaiari harrera egiteko dotore jarrita eta bilbotarrak 19:00ak iristeko deseatzen. Hain zuzen ere, ordu horretan egingo baitu Kirmen Uribe pregoilariak festarako deia, eta Patricia Lezama txupinerak suziria piztu bezain pronto, jaiak eztanda egingo du Marijaiarekin.

Kepa Junkerak sortutako Badator Marijaia abestiaren doinuarekin hasiko dira bilbotarrak eta bilbotarrak ez direnak dantzan eta jaia ospatzen. Bederatzi egun iraungo dute jaiek, eta konpartsek, festarako irrikaz, lehenago hasiko dute Aste Nagusia, Arriagara bidean egingo duten kalejirarekin.

Hilaren 28ra bitartean, udalak antolatutako 300 ekitaldi baino gehiago egongo dira. Itziar Urtasun jaietako zinegotziak jakinarazi duenez, 2,5 milioi euro erabili dira Aste Nagusia antolatzeko. Horrez gain, konpartsek antolatutako programa zabala izango da. Aukera, beraz, ez da faltako.

Aurten, gainera, elkartasun ukitu bat eman diote Aste Nagusiari Walk On Project (WOP) ekimenaren bitartez. Irabazi asmorik gabeko taldea da, eta musika baliatzen du ezohiko gaixotasunak ikertzeko dirua biltzeko asmoz. Aste Nagusiaren barnean, mila elastiko jarriko dituzte salgai, hamar euroren truke, moskotarren txosnan. Bildutako dirua gaixotasun arraroak ikertzeko izango da. Xede horrekin bat egin du aurtengo Aste Nagusiaren leloak: Denok berdin, denok ezberdin. «Hala uste eta nahi dugulako», azaldu du Urtasunek.

Ildo beretik, jaiak guztiontzat gozagarriak izan daitezen, eraso sexistarik gabeko Aste Nagusia aldarrikatu du Urtasunek, eta hurkoa errespetatuz festak ongi pasatzera deitu du.

Aste Nagusiak geroz eta jende gehiago erakartzen duela esan du jaietako zinegotziak. Horren arrazoi nagusia kontzertuak doan izatea dela gaineratu du. Ildo horretan, hainbat jatorritako bisitariak espero dituztela adierazi du. Oraingoz aurreikuspenak ezin hobeak dira, hiriko hotel eta aterpetxe guztiak beteta baitaude dagoeneko.

1. Musika

Musika da Bilboko Aste Nagusiak duen interesgune nagusietako bat. Kontzertuak zortzi agertokitan banatzen dira: munduko musikak Plaza Barrian, gaurkotasuna duten taldeak Zorrozaurren, Udal Musika Banda eta erromeriak Areatzan... era guztietako doinuak nahasten dira hiriburuan.

Aurten ehun kontzertu baino gehiago egongo dira, eta 90 talde baino gehiago arituko dira egitarau ofizialean. Besteak beste, Ken Zazpi, Kaotiko, Gatibu, The Chieftains, Maddi Oihenart eta Amaia Zubiria eta Asfalto izango dira. Bilborocken, berriz, pop-rock lokalaren erakustaldiak egongo dira.

Konpartsek ere kontzertu ugari antolatu dituzte: besteak beste, Ze Esatek, Itziarren Semeak, Bad Sound Sistem, Siroka eta Governors izango dira.

2. Antzerkia

Aretoetan zein kalean antzerki emanaldi ugari izango dira Aste Nagusian, haur zein helduentzako prestatuak. Gainera, emanaldiak goizean eta iluntzean izango dira, ikusleek aukera izan dezaten. Arriaga plazan, Niños Costrini, Ganso, Markeliñe eta Trapu Zaharra taldeen antzezlanak ikusi ahal izango dira.

Gas plazan, berriz, haurrentzako antzerkiak egongo dira, hala nola Sun magoa, Gari, Montxo eta Joselontxo eta Elvi sabel hiztuna ikusi ahal izango dira.

3. Txikigunea

Aste Nagusiak guztientzako tokia behar duelako, haurrek euren tokia izango dute Erripa kaian. Bertan, 48 monitore izango dira, eta egunero 5.000 ume inguru biltzea espero dute.

4. Konpartsak

Kontzertuez gain, konpartsek beste hainbat ekitaldiz atondu dute euren egitaraua, jai parte hartzaileak bultzatuz. Horrela, txalaparta eguna, rokodromoa, triki kalejira, zirkua, magoak, tailer eta txapelketa ugari izango dira.

Eta, noski, bazkariak eta poteoa ez dira faltako. Haurrek ere izango dute txoko berezia konpartsen gunean. Puzgarriak eta era guzietako tailerrak egongo dira, haurren gozagarri.

5. Su festak

Bilboko gauak argitzeko, su festak izango dira egunero 22:30etik aurrera, lasaitasunean eta parrandarekin uztartuz ikusi nahi dituenarentzat. Aurten, zehazki,Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Bilbo Hiria Lehiaketa ospatuko da; bertan, Suedia, Italia, Madril, Zaragoza eta Castellotik etorritako lehiakideek parte hartuko dute.

6. Gastronomia

Bederatzi egunez jaiari eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da sabela ongi betea izatea. Gastronomia lehiaketek horretarako parada emango dute. Astelehenean, adibidez, paella lehiaketa egingo da, 14:00etan, Algara konpartsan, eta ostiralean, berriz, sukaldaritza lehiaketa egingo da 09:00etatik aurrera, Areatzan.

7. Kirolak

Kirola egiteko eta ikusteko aukera ere izango da Aste Nagusian. Pilotazaleek egunero izango dute aukera, 11:00etan, Esperantza frontoian, pilota txapelketan parte hartu edota ikusle gisa egoteko. Era berean, 11:30ean arrantza tailerra izango da Areatzan, jaietako bederatzi egunetan. Asteazkenetik ostiralera, berriz, herri kirolak izango dira 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.