Astelehenekoa izan zen Marimendi taldeko emakumeen txanda. Mendizaleak dira marimenditarrak, 40 urtetik gorakoak eta euskaldunak. Mendira aldarri bat helarazteko asmoarekin joaten dira: emakume helduek astialdirako duten eskubidea aldarrikatzera. Marian Arin, Uxue Berridi eta Mentxu Peña aritu ziren solasaldi atseginean.
Arin izan zen hitza hartzen aurrena, harena izan baitzen Marimendi hezurmamitzearen ideia: «Lagunarekin Mont Blanc mendiko aterpetxean geundela, ingurura begiratu eta ia mendizale guztiak gizonezkoak zirela jabetu nintzen. Emakume gazteak ikusten nituen, baina nire adinekorik apenas. Beti kezkatu nau horrek. Emakumea bera da askotan bere ametsei uko egiten diena; ez gara geure buruaz fio, edo ez dugu barregarri geratu nahi...».
Etxera bueltatzerakoan adiskideen artean zabaldu zuen ideia Arinek, eta emakumeentzat antolatutako mendi irteera bat prestatzea proposatu. Egitasmoaren berri jaso zuen, besteren artean, Berridik: «Hasieran beldur puntu bat banuen, ez nekielako zer emakume elkartuko ginen; ez genuen elkar ezagutzen. Baina lehenengo aldiz bildu ginenetik ikusi genuen gure artean gauza komun asko genituela».
Pixkanaka joan ziren sarea Euskal Herrira hedatzen, eta azkenerako 10-12 laguneko taldea elkartu zen. Mont Blanc mendian jarri zituzten begiak, mendi enblematikoa izateaz gain, tontorrera lau bidetatik igotzeko aukera ematen duelako. Irteera norentzat izango zen ere zehaztu zuten: «Neska gazteak mendira joaten direnez, 40 urtetik gorako emakumeentzat prestatzea erabaki nuen. Bigarren baldintza, berriz, euskalduna izatea da. Euskaraz bizi naiz, eta ez nuen halako proiektu batean murgildu nahi nirea ez den hizkuntza batean».
Alpeen bihotzera 2006ko uztailean abiatu ziren. Mont Blanc mendira hemeretzi marimenditar igo ziren, zailtasun desberdineko lau bidetatik. «Lehenengo irteera izan genuen, eta bereziena izan zen; dena atera zen uste baino hobeto». Tontorrera marimenditar guztiak iritsi ziren, eta irrati bidez zuzenean iritsi zen tontorreko lekukotza Euskal Herrira, emakumearen astialdirako eskubidearen aldarria tartean. Peñak irrati bidez entzun zuen: «Oraindik ere hunkitu egiten naiz etxeko irratian tontorretik botatako bertsoa eta Mont Blanceko kontuak entzun nituenekoa oroitzen dudanean».
2012ko irteera prestatzen
Ordutik bi urtean behin antolatu dute espedizio bat. 2008an Elbrus mendira joan ziren, eta 2010ean Peruko Mendikate Zurira. 2012ko irteera prestatzen hasiak direla aurreratu zuten, eta Pirinioetara joatea aztertzen ari dira.
Luze jo zuen solasaldiak, eta Berridik Marimendiri buruzko gogoeta egin zuen: «Ez gara elkarte bat. Ez dugu mendi elkarteen lekua hartu nahi, eta gutako bakoitza bere herriko mendi elkarteko kidea ere bada. Gurea emakumearen astialdirako aldarria gizarteratzeko taldea da». Hala egiten jarraituko dute, Marimendi beharrezkoa ez den eguna iritsi artean.
Uxue Berridi, Marian Arin eta Mentxu Peña. Marimendiko kideak
Marimenditarren aldarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu